Joan eduki nagusira

Nerabe batek babesa behar duenean abian jartzen den instituzionalizazio prozesuak berekin dakar, harrera hori egoitzakoa denean, pertsona horrek bere parekoen taldearekin duen lotura galtzea, eta horrek eragin negatiboa du haren garapen psikosozialean. Hori da “Mutualidad Negada. Adolescencia y Acogimiento Residencial Básico en Navarra: Realidad y Propuestas desde el Trabajo Social Comunitario” izeneko tesiaren ondorio nagusia (Mutualitate ukatua. Nerabezaroa eta oinarrizko egoitza-harrera Nafarroan: errealitatea eta proposamenak gizarte-lan komunitariotik). Hodei Sarasa Camacho gizarte-langileak defendatu du berriki tesi hori Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), eta José María Uribe Oyarbide irakaslea izan da zuzendaria.

zoom Hodei Sarasa Camacho NUPeko doktore berria.

Hodei Sarasa Camacho NUPeko doktore berria.

Tesian, egileak defendatzen du parekoen taldea funtsezkoa dela nerabezaroan, eta, gainera, talde horrek agente babesle moduan eta elkarri zaintzeko eta lagun egiteko ingurune gisa funtzionatzen duela. Hodei Sarasak azaldu duenez, nerabe bat egoitza-harreran sartzen denean, lotura hori erabat desagertzen da edo ahuldu egiten da. Arrazoiak askotarikoak dira, eta doktoretza-tesian aztertu ditu: nerabea bere ingurunetik urruntzea; egoitza-baliabideen araudi zorrotza eta egokitzeko gaitasun txikia; nerabeak ateratzeko baimena eskatzeko jarraitu behar duen prozesu burokratikoa, bat-bateko topaketak zailtzen dituena; ikastetxez aldatzea edo sare sozialen erabilera mugatzea. Taldetik urruntze horrek galera sentsazioa eta malenkonia sentimendua eragiten dio nerabeari. Irtenbide posible gisa, egileak planteatzen du egoitza-sisteman figura profesional eta baliabide berriak ezartzea parekoekiko loturaren ahultze hori arintzen laguntzeko.

Ikerketa egiteko, egileak honako lagin hau erabili zuen: oinarrizko egoitza-harreran zeuden 38 nerabe (19 neska eta 19 mutil) eta instituzionalizatuak egonak ziren adin nagusiko 8 pertsona. Erabilitako metodologia elkarrizketa sakona, eztabaida-taldeak eta galdetegia izan ziren.

Babes sistema eta nerabezaroa etapa positibo gisa

Adingabe bat babesgabetasun egoeran dagoela jotzen denean, hots, haren eskubideak urratzen direnean edo haren familiak ez dakienean, ez duenean nahi edo ezin duenean haren ardura hartu, babes sistemak bere gain hartzen du adingabearen tutoretza eta zaintza, eta azken hori hirugarren bati lagatzen dio. Hala, neska-mutil horiek “harrera-egoeran” egotera pasatzen dira, zeina familiakoa edo instituzionala izan baitaiteke. Harrera instituzionala da doktoretza-tesiaren aztergaia.

Tesiaren egileak adierazi duenez, nahiz eta askotan nerabezaroa garai gatazkatsutzat jotzen den, aukera eta garapen positiboko garaia ere bada, sorkuntza soziokulturalekoa (autonomian ikastea, ahalduntzea edo nork bere nortasuna aurkitzea), bai eta nork bere burua ebaluatzeko eta egokitzeko unea ere. Halaber, eskubideen ikuspegitik aztertu beharreko aldia da, hots, errespetatu behar dira adingabearen interes gorena, eta entzuna eta defendatua izateko eta elkartzeko eta parte hartzeko dituen eskubideak; izan ere, alderdi horiek guztiak haurren eta nerabeen defentsarako nazioarteko araudietan jasota daude. Bizitzako aldi horretan, familia-nukleoa eta haren eragina bigarren maila batera pasatzen dira maiz, eta, Ausubel eta Sullivan egileen arabera (tesian aipatuak), hori “ez dago lotuta ihes egin nahiarekin, baizik eta bilaketa-jarrera batekin”. Azken batean, Hodei Sarasaren hitzetan, “ideia honekin gelditu behar dugu: nerabezaroa etapa propioa eta beharrezkoa dela, eta etapa horretan berdinek eta jatorrizko komunitateak, auzoak edo herriak ezinbesteko zeregina dutela garapen positiboa lortzeko. Horrela izan beharko luke, halaber, nerabe instituzionalizatuen kasuan, baina, batzuetan, beren berdinengandik eta beren komunitateengandik bereizten dira, modu okerrean”, esan du.

Hodei Sarasaren CV laburra

Hodei Sarasa Gizarte Lanean graduatua da NUPen. Erakunde horretan bertan, Gizabanako, Familia eta Taldeekiko Esku-hartze Sozialeko Masterra egin zuen, baita Etorkinekiko Esku-hartze Sozialeko Adituaren titulu berekia ere. Gizarte-langile gisa aritu da hamarkada batez Prebentzio Ekintza Komunitarioko Zerbitzuan, Txantrea auzoan lehenbizi eta Buztintxuri auzoan gero.

Gaur egun, Ereitegi Innovación Social gizarte-ekimeneko kooperatiban egiten du lan. Gainera, NUPeko Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko irakasle elkartua da, non euskaraz irakasten baititu irakasgai hauek: “Gizarte Lan Komunitarioa”, “Erakundeen eta Proiektuen Kudeaketa” eta “Gizarte Lanaren Oinarri Metodologikoak”.

Egileak berak adierazi duen bezala, bere doktoretza-tesia Akademiatik kanpo izandako esperientziaz hornitu da, eta, haren bidez “esku hartu duen urteetan identifikatutako arazo sozialei” erantzuna ematen saiatu da.