Ekaitz Santazilia Salvadorrek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasleak, Brill argitaletxe nederlandarrean argitaratu du bere “Animacy and Inflectional Morphology across Languages” monografia (“biziduntasuna” eta morfologia flexiboa hizkuntzen artean). Lan honetan autoreak aztertzen du nola eragiten dion “biziduntasunak”, hau da, biziduna denaren eta ez denaren arteko bereizketak, munduko hizkuntzen gramatikari. "Gaztelaniaz –azaldu du adibide gisa– he traído un libro eta he traído a un amigo esaten dugu, baina ez he traído a un libro, a preposizioa izaki bizidunei bakarrik gehitzen zaielako. Bitxia bada ere, elkarren artean zeharo desberdinak diren hizkuntzek, adibidez bhojpuri edo errumaniera hizkuntzek, antzeko joerak dituzte”.
300 hizkuntza baino gehiagoko corpusa aztertu ondoren, liburu honek erakusten du, binarismoan oinarritutako “biziduntasun” hutsaz harago, badela “biziduntasun” kontzeptual bat ere –oinarri biologikoa duena, baina baita oinarri kultural eta koiunturala ere–, eta haren arabera gizakiok hierarkikoki sailkatzen ditugula unibertsoko gainerako elementuak, eta batzuk besteak baino “bizidunagoak” iruditzen zaizkigula. “Biziduntasun” kontzeptual hori irudikatzen da hizkuntzen gramatikan, eta bi modutan egiten da: dela kategoria propio gisa, adibidez entitate bat biziduna dela adierazten duen morfema bat gehituz, edo beste kategoria batzuen agerpena baldintzatuz, hala nola generoa, pertsona, kasua edo numeroa. Horrela, hizkuntza askotan singularraren eta pluralaren arteko bereizketa izaki bizidunetan bakarrik adierazten da.
Laburbilduz, Ekaitz Santaziliak dioenez, egiaztatu ahal izan da izaki bizidunen eta bizigabeen arteko bereizketa inongo loturarik ez duten hizkuntza ugaritan agertzen dela modu batera edo bestera, kategoria gramatikal askori eragiten diela, eta hainbat teknika morfologiko erabiltzen dituela. “Hala ere, eremu geografiko eta familia linguistiko desberdinetako hizkuntzetan antzeko eredu eta joerak aztertu dira, eta horrek agerian utzi du kategoria kognitibo hori hain garrantzitsua eta unibertsala dela gizakiaren psikologian, ezen hizkuntza fisikoen gramatikan ere agertzen baita”.
Brill 1683an Leidenen (Herbehereak) sortutako nazioarteko argitaletxe akademiko bat da, eta une honetan 6. postuan dago Scholary Publishers Indicators (SPI) argitaletxe akademikoen munduko zerrendan. Alemanian, Austrian, Estatu Batuetan eta Asian ditu egoitzak, eta gaur egun ehun aldizkari zientifiko baino gehiago eta 600 bat liburu berri eta erreferentziazko lan argitaratzen ditu urtero, gai hauei buruzkoak: giza eta gizarte zientziak, nazioarteko zuzenbidea eta zientzia biologikoak.
CV laburra
Ekaitz Santazilia (Iruñea, 1987) Euskal Filologian lizentziatua eta Hizkuntzalaritzako doktorea da EHUn. Gaur egun, kontratupeko bitarteko irakasle doktorea da NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Sailean.
Artikulu zientifiko ugari argitaratu ditu, eta gai hauekin lotutako ikerketa-proiektuetan eta kongresuetan parte hartu du: testu zaharren edizioa, morfologia, prosodia, tipologia, “biziduntasuna”, dialektologia, haurren hizkuntza eta euskararen hizkuntzalaritza historikoa. Gainera, euskararen hedapenari eta kontserbazioari lotutako zenbait artikulu eta kolaborazio ditu eginak dibulgaziozko komunikabideetan. Nafarroako Ondare Immaterialaren Artxiboko Katedraren eta NUPeko I-COMMUNITAS Institute for Advanced Social Research institutuko kidea da, baita EHUko Monumenta Linguae Vasconum (MLV) eta Basque Research Group in Linguistic Typology (BaLT) ikerketa-taldeetako kidea ere. Fontes Linguae Vasconum hizkuntzalaritza eta euskal filologiako aldizkari zientifikoaren zuzendaria da, eta Príncipe de Viana aldizkariaren erredakzio kontseiluko kide ere bai. Kultura Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundeak argitaratzen ditu biak, eta haren argitalpen batzordeko kide ere bada.