Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, Nafarroako Gizarte Laneko Elkargo Ofizialarekin batera, Concepción Arenal III. Sariak banatuko ditu martxoaren 22an, asteazkenarekin. Sari horiek gizarte lanaren arloko ibilbide nabarmenak aitortzen dituzte. Oraingo honetan Olga Aroz Sabanzak eta Sara Díaz de Cerio Ayesak jasoko dute aitorpena, lehenbizikoak bere ibilbide profesionalagatik, eta bigarrenak bere ikerketa-karreragatik.

zoom Iaz NUPen egin zen sari banaketaren ekitaldi instituzionalean parte hartu zutenetako batzuk.

Iaz NUPen egin zen sari banaketaren ekitaldi instituzionalean parte hartu zutenetako batzuk.

Sariak banatzeko ekitaldi instituzionala Gizarte Lanaren 2023ko Munduko Egunaren biharamunean eginen da, zeina martxoaren 21ean izanen baita, honako goiburupean: “Dibertsitatea errespetatuz baterako gizarte ekintzaren bidez”. Ekitaldian, Carmen Maeztu Villafranca Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilariak hartuko du parte, eta hauek arituko dira buru: Begoña Pérez Eransus, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea; Inés Gabari Gambarte, Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa; eta Nafarroako Gizarte Laneko Elkargo Ofizialeko lehendakaria. Gainera, sariak banatuko zaizkie argazki lehiaketan eta Tik Tok sare sozialeko lehiaketan lanik hoberenak aurkeztu dituzten ikasleei. Ekitaldia 17:00etan hasiko da, Nicolás García de los Salmones aretoan, NUPeko Olibondoak eraikinean. Bertaratzeko, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.

Concepción Arenal Sariak

Fakultateak berak dioenez, sari horien bidez “Concepción Arenal omendu nahi dute, XIX. mendearen amaieran feminismoaren eta gizarte lanaren aitzindari nagusietako bat izan baitzen Espainian”.

Orain arte, honako hauen ibilbideak aitortu dira: Gema Mañu, María Cristina Lopes eta Camino Oslé (2022) eta Juana Urra Mariñelarena eta María José Lacalzada de Mateo (2021).