Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Trentoko Unibertsitatearekin, Madrilgo Unibertsitate Complutensearekin eta Edition Reichenbergerrekin batera, Juan Pérez de Montalbán Espainiako literaturaren Urrezko Mendeko antzerkigile madrildarraren hiru komediaz osatutako liburuki berri bat argitaratu du, eta, hala, bigarren liburukia osatzen zuten hamabi komedien edizioa osatu da. Davinia Rodríguez Ortega Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktikako irakasleak egin du hiru komedia horietako baten edizio kritikoa (“Despreciar lo que se quiere” komediarena).
Liburukiaren zuzendari eta editore nagusia Claudia Demattè Trentoko Unibertsitateko ikertzailea eta irakaslea da, eta argitalpenean agertzen diren lanak, aipatutakoaz gain, “La ganancia por la mano” eta “El sufrimiento premiado” dira.
“Despreciar lo que se quiere” kapa eta ezpatako komediak, zeina ez baitago argi nork idatzi duen, bi bikoteren maite-kontuak kontatzen ditu; “La ganancia por la mano” obra gaztaroko komedia bat da –haren edizio kritikoa Madrilgo Complutense Unibertsitateko Mónica García Quinterok egin du–; eta “El sufrimiento premiado” ustez Lope de Vegak idatzi zuen endredozko komedia bat da bat da. Azken testu horren edizio kritikoa Claudia Demattè irakasleak egin du.
Juan Pérez de Montalbán
Juan Pérez de Montalbán idazlea eta antzerkigilea izan zen, Lope de Vegaren ikasle pribilegiatua eta Alfonso Pérez XVII. mendearen hasierako Madrilgo liburu-saltzaile garrantzitsuenetako baten semea. Montalbán hamazazpi urterekin hasi zen antzerkiak idazten, eta bizitza osoa jarraitu zuen batez beste hiruzpalau obra idazten urtero, egileak berak baieztatu zuenez. Bilduma berean lehen liburukiko hamabi komediak argitaratu ondoren (1635), bigarren liburukia hura hil ondoren argitaratu zen, 1683an, beste hamabi komediak osatua.
Bilduma hori prestatzeko, Espainiako eta atzerriko zenbait unibertsitatetako ikertzaileak aritu dira lankidetzan. Nazioarteko proiektu batean parte hartzen dute denek; “Berreskuratutako madrildar idazle bat: Juan Pérez de Montalbán” du izena, zuzendaria Claudia Demattè da, eta aholkulariak, berriz, José María Díez Borque, Victor Dixon, José Manuel Lucía Megías, Maria Grazia Profeti eta Germán Vega García-Luengos. Montalbán proiektuak, bestalde, Madrilgo Udalaren eta “Miguel de Cervantes” Liburutegi Birtualaren laguntza jaso du, eta, azken horretan, eskuragarri dago jadanik egileari buruzko webgune bat.