Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) errektorea izendatzeko hauteskunde prozesua abiarazi du gaur, martxoak 2 (osteguna). Ramón Gonzalo instituzioko errektoreak onetsi du deialdia, eta, erabakiarekin batera, hauteskunde egutegia ere eman da jakitera. Bozketaren lehen itzulia martxoaren 30ean izanen da, osteguna, eta, bigarren bat behar izanez gero, apirilaren 27rako programatu da, osteguna. Hautagaitzak martxoaren 10etik 15era aurkezten ahalko dira.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuek eta Hauteskunde Arautegiak xedatzen dutenez, Unibertsitateko komunitateak hautatuko du errektorea, sufragio unibertsal libre eta sekretuaren bidez, jardunean dauden eta NUPen lan egiten duten katedradunen artetik. Hautesle bakoitzak hautagai bakar bati ematen ahalko dio botoa. Boto hori Unibertsitateko komunitateko arloen arabera ponderatuko da, Estatutuetan eta Hauteskunde Arautegian ezarritako ehunekoekin bat etorriz.

zoom elecciones rector

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Arrosadiko campusa.

Indarrean diren arauen arabera, lehen itzulian, proportzioan boto baliodunen erdia baino gehiago lortzen duen hautagaia izendatuko dute errektore, ezarritako ponderazioak aplikatu ondoren. Hautagaietako inork ez badu gehiengoa erdiesten, bigarren bozketa bat eginen da, eta lehenbizikoan babes handiena lortutako bi hautagaiek bakarrik hartzen ahalko dute parte. Bigarren itzulian, ponderazioak aplikatuta botoen gehiengo soila erdiesten duena aldarrikatuko dute errektore. Bigarren itzuli horretan berdinketarik gertatzen bada, NUPen antzinatasun handiena duen hautagaia aldarrikatuko dute errektore, eta, horretan ere berdinketarik bada, zaharragoa dena. Hautagai bakarra egonez gero, lehenbiziko itzulia besterik ez da eginen.

Behin-behineko erroldak martxoaren 7ra arte egonen dira jendaurrean edonork kontsultatzeko, eta hauteskunde kanpaina martxoaren 22tik 29ra bitarte izanen da, bi egun horiek barne.

Botoa emateko orduak

Bai lehenbiziko itzulian, bai bigarrenean, bozketak 11:00etatik 18:00ak arte iraunen du, etenaldirik gabe, salbu eta Iruñeko campusaren parte den Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan eta Tuterako campusean eratuko diren ikasleen arloko bi mahaietan, non bozketa 12:00etan hasi eta 17:00etan amaituko baita, han ere etenaldirik gabe. Hauteskunde prozesuaren egutegi osoa NUPen egoitza elektronikoko iragarki-ohol elektronikoan dago kontsultatzeko.

Antolamendua, emaitzen kontrola eta aldarrikapena eta inpugnazioen ebazpena Unibertsitateko Hauteskunde Batzorde Nagusiari dagozkio. Erreklamazioak, eskaerak eta hautagaitzak Hauteskunde Batzorde Nagusiko buruari zuzendu beharko zaizkio dagokion eguneko 14:00ak baino lehen, eta instituzioaren egoitza elektronikoko erregistro elektronikoan aurkeztu beharko dira.

NUPen Estatutuek xedatzen dutenari jarraikiz, errektorea aukeratzeko botoak Unibertsitateko komunitatearen arloen arabera ponderatu behar dira. Hala, bozketaren pisu osoaren % 59 Unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasle doktoreei dagokie, % 11 aurreko kategorian ez dauden irakasle eta ikertzaileei, % 20 ikasleei, eta, azkenik, beste % 10a administrazioko eta zerbitzuetako langileei.