Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterreko bigarren ikasmailako sei ikaslek eta doktoretzako beste hiruk osatutako talde bat, energia berriztagarriak sustatzea helburu duen NUPeko APERNA elkartearekin batera, eguzki-energia fotovoltaikoan oinarritutako sistema bat diseinatzen eta fabrikatzen ari da tenperatura baxuko kondizioetan elur-lerak arrastatzeko. Ekimenak “e-Snowdog” du izena (elurretako txakur elektrikoa), eta Ramón Larramendi eta Ignacio Oficialdegi esploratzaileengandik dator, zeinek apirilean Groenlandiara eginen duten bidaian probatuko baitute prototipoa.

zoom “Snowdog” proiektuan parte hartzen ari diren ikasleak, beren prototipoarekin. Beheko lerroan, ezkerretik eskuinera: Ander Goikoetxea Agarraberes, Álvaro Martín Castilla eta Nerea Pascual Lezaun. Goiko lerroan, ezkerretik eskuinera: Mikel Hualde Otamendi, Adrian Soto Cabria, Elisa Irujo Izcue, Iñaki Lalinde Sainz eta Iñigo Pascual Iglesias (argazkian Ibai Urtasun Salinas falta da).

“Snowdog” proiektuan parte hartzen ari diren ikasleak, beren prototipoarekin. Beheko lerroan, ezkerretik eskuinera: Ander Goikoetxea Agarraberes, Álvaro Martín Castilla eta Nerea Pascual Lezaun. Goiko lerroan, ezkerretik eskuinera: Mikel Hualde Otamendi, Adrian Soto Cabria, Elisa Irujo Izcue, Iñaki Lalinde Sainz eta Iñigo Pascual Iglesias (argazkian Ibai Urtasun Salinas falta da).

Ikasleek sortutako sistema hori eguzki-plaka eramangarri bat da, eta lera bat arrastatzen duen elur-moto elektriko baten bateria kargatzeko erabiltzen da. “Kontuan izan behar da sistemak zero azpitik 10 eta 20 gradu arteko tenperaturak jasan behar dituela”, adierazi dute. Plaka biribilkagarria da, eta motoan garraiatzen da, eta, ibilgailua berriz kargatu behar denean, zabaldu eta hari konektatzen zaio. Karga amaitutakoan (bi eta hiru ordu artean), maletategian gordetzen da berriz. “Sistema horrek ingurumena errespetatzen du, eta fidagarria, segurua eta arina da”, aipatu dute. “Gainera, haizearen energia baliatuko duten aerosorgailu eramangarriak erabiliz kargari energia gehiago emateko aukera baloratu dugu”, erantsi dute.

Ikasleek azaldu dutenez, aurreko edizioetan (WindSled proiektua), lera arrastaka eramateko aukeratutako desplazatzeko modua aireak bultzatutako kometa bat izan zen. “Hala ere, baldintza klimatologiko txarrak, haizearekiko mendekotasun handia eta baliabide energetikoen eskasia direla-eta, beste garraiobide bat bilatu dugu”, azaldu dute.

Erronka nagusia: Antartikako baliabide energetikoen eskasia

Proiektuaren garatzaileek erronka handi bati egin behar diote aurre, Antartikan erabilgarri dauden baliabide energetiko urriak kudeatu behar baitituzte. Esan bezala, asmatutako sistemak ez du erregai fosilik erabiltzen, eta eguzki-energia erabiltzen du, eolikoaren potentziala alde batera utzi gabe.

Aurreikuspenen arabera, proiektua zenbait fasetan garatuko da. Lehenbizikoan, baliabide berriztagarrien erabilgarritasunari buruzko azterketa bat eginen dute eraman beharreko ekipamenduaren neurriak ezartzeko. Ondoren, energia-iturri berriztagarriak (eguzki-panelak eta turbina eolikoa) baterien karga-zehaztapenetara egokitzea izanen da erronka. Proiektuan, halaber, saiakuntzak egin nahi dituzte osagaiekin (panelak, bateriak, karga-erregulagailuak...), tokian bertan probatu aurretik zehaztapen guztiak betetzen dituztela frogatzeko.

Parte hartzen ari diren ikasleak eta laguntzaile aritzeko aukera

Hauek dira proiektuan parte hartzen ari diren ikasleak: Ander Goikoetxea Agarraberes, Álvaro Martín Castilla, Nerea Pascual Lezaun, Mikel Hualde Otamendi, Iñigo Pascual Iglesias, Elisa Irujo Izcue (NUPeko Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterrekoak guztiak) eta Ibai Urtasun Salinas, Iñaki Lalinde Sainz eta Adrian Soto Cabria (doktoretzako ikasleak). Proiektuko tutoreak Alberto Berrueta Irigoyen, Alfredo Ursúa Rubio eta Pablo Sanchis Gúrpide NUPeko irakasleak dira, Unibertsitateko Smart Cities Institutuko kideak guztiak (ISC).

Beste ikasle batzuek ere aukera dute proiektuan parte hartzeko. “Proiektua hobetzen lagundu dezaketen aplikazio asko daude, eta ideia berrien bila gabiltza”, adierazi dute arduradunek. Parte hartu nahi duenak mezu bat bidali behar du perna.research@gmail.com helbide elektronikora.