Mikel Lizarraga Rada Zuzenbideko graduduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), eta Nafarroako Errege Kontseiluaren ordenantzetako zuzenbidea ikertu du bere doktoretza-tesian. Martín de Eusak Nafarroako errege auzitegien (Errege Kontseilua, Gorte Nagusia eta Kontuen Ganbera) barne erabilerarako prestatutako arau multzoa dira ordenantza horiek. Nahiz eta ordenantzak 1622koak diren, Lizarragak azaldu du “xehetasunez aztertzen dutela nolakoa izan zen Nafarroako Erresumako errege jurisdikzioa arautu zuen zuzenbidea 1512. urtetik 1839ra arte, hots, Nafarroak erresuma-izaera galdu eta Espainiako probintzia izatera igaro zen arte”.
Aipatutako ordenantzek 1413tik aurrerako legeria biltzen dute, zenbait gairi buruzkoa, hala nola errege zedulak, bisita-ordenantzak, errege hornikuntzak, erabakitako autoak, Gorteen legeak, etab. “Halere, gehienak 1524tik 1621era doan aldikoak dira, Nafarroako Erresuma konkistatzeko eta Gaztelako Koroara sartzeko prozesuaren ondorioz”, azaldu du tesiaren egileak. Testuinguru horretan, azaldu du ezen, “1622an argitaratu zenetik, arau-iturri horrek indarrean jarraitu zuela 1836ra arte; hortaz, azterketa xehatu bat ematen du 1839. urtean Espainiako probintzia bat izatera igaro zen arte Nafarroako Erresumaren errege jurisdikzioa gidatu zuen zuzenbideari buruz”.
Mikel Lizarragararen doktoretza-tesiak “El derecho en las Ordenanzas del Consejo Real de Navarra” du izenburu; Roldán Jimeno Aranguren NUPeko Zuzenbide Saileko irakasle titularra izan da zuzendaria, eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.
Zehazki, tesiak Nafarroako errege auzitegien (Errege Kontseilua, Gorte Nagusia eta Kontuen Ganbera) antolaketa eta funtzionamendua aztertu ditu; honako hauei erreparatu die bereziki: errege-ofizial guztien eskumenak, ezaugarriak eta mugak; prozesu judiziala —osorik aurkezten da, demanda jartzen denetik gauzatzen den arte, ondorengo errekurtsoak barne—; iturrien lehentasun ordena, funtsezko elementua baita administratutako justiziaren oinarria zen arau-esparrua ulertzeko; eta “berez bereizita zegoen” Nafarroako jurisdikzioaren eta Monarkiako gainerako lurraldekoaren artean egondako gatazka jurisdikzionalak, baita jurisdikzio militarrarekin egondakoak ere, beste gai askoren artean.
Curriculum vitae laburra
Mikel Lizarraga Rada Zuzenbideko graduduna eta doktorea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Bere doktoretza-tesia Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren “Espainiako Monarkiarekiko batasuna, lotura eta kidetza: Nafarroa, XVI.-XVIII. mendeak” proiektuaren barrenean kokatzen da, eta eranskin dokumentala, berriz, Estatuko Aldizkari Ofizialaren Estatu Agentziaren “Espainiako lege historikoen bilduma (V.-XIX. mendeak)” proiektuaren barrenean. Bi artikulu zientifiko eta hiru liburu idatzi ditu (liburuetako bat Roldán Jimeno Aranguren irakaslearekin batera), bi lan kolektibo koordinatu ditu, eta halako 16 lanetan hartu du parte.