Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ikasleen sormena sustatzeko zenbait gune berri prestatu ditu ikasturte honetan: batzuk elkarlanean aritzeko erabiliko dira (“coworking”), eta besteetan, aldiz, behar den ekipamendua egonen da tresna teknologikoen bidez objektuak sortzeko (“maker” kultura esaten zaiona). Zehazki, open space edo espazio ireki bat antolatu da Liburutegian; 09 bis gela, Ikasgelategiko beheko solairuan dagoena, elkarlanerako gune bihurtu da; eta, azkenik, errealitate birtualeko laborategi bat sortu da 211. ikasgelan, eraikin bereko bigarren solairuan.

zoom Agintariak, Liburutegiko open space-a bisitatzen.

Agintariak, Liburutegiko open space-a bisitatzen.

Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak eta Juan Cruz Cigudosa Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak inauguratu dituzte gune berriak, gaur, otsailak 20 (astelehena). Ana Burusco Unibertsitateko zuzendari nagusia ere izan da ekitaldian, baita errektoretza-taldeko kideak, eskola eta fakultateetako zuzendariak eta Ikasleen Kontseiluko kideak ere.

Open space bat Liburutegian eta elkarlana 09 bis ikasgelan

Liburutegiko beheko solairuko open space-a urrian jarri zen martxan. Ekipamendu hauetaz dago hornitua: 3D-ko 6 inprimagailu, laser bidez ebakitzeko makina bat, ekipamendu elektronikoa (askotariko tresnak eta Arduino plakak), 98 hazbeteko pantaila bat proiektuak erakusteko eta bistaratzeko, lanerako 6 banku, elkarlanerako 16 mahai gurpildun, 5 arbel gurpildun, 26 postu “coworking” gunean, 25 puf atseden hartzeko gunean eta 30 bat armairu materiala uzteko.

Ekipamendua eta lanerako guneak erreserbatu egin behar dira, eta, haiek erabiltzeko, 45 minutuko trebakuntza-ikastaro bat egin behar da aldez aurretik, open space-az arduratzen diren langileek emana. Orain arte, 200 lagunek egin dute prestakuntza hori, eta 593 aldiz erabili dituzte 3D inprimagailuak eta beste 100 aldiz laser bidez ebakitzeko makina.

Bestalde, 09 bis ikasgela (“arrainontzi” izenez ezagutzen den ikasgelaren erdietako bat) erabat birmoldatu da, bere forma mailakatua aprobetxatuta, elkarlanerako modulu, mahai eta aulki batzuk instalatzeko. Gainera, ikus-entzunezko materialak instalatu dira ikasleentzako, irakasleentzako eta administrazioko eta zerbitzuetako langileentzako hitzaldiak egiteko. Horrez gain, kristalezko ate batez itxitako 6 espazio ditu bilerak eta jende gutxiko talde-lanak egiteko.

Errealitate birtualeko laborategia

Errealitate birtualeko laborategiak azken belaunaldiko teknologiarekin esperimentatzeko aukera ematen die ikasleei, hobera egin dezaten irakaskuntzako eta ikaskuntzako prozesuan, prestakuntzan eta, azkenik, enplegagarritasunean, esperimentazioaren, simulazioaren edo gamifikazioaren bidez.

zoom 09 bis ikasgelako elkarlanerako gunera egindako bisita.

09 bis ikasgelako elkarlanerako gunera egindako bisita.

Espazio irekia eta malgua da, eta U forman jarritako mahaiek espazio handi bat eratzen dute erdian, non ikasleek mugitzeko aukera duten beren ekipoen bidez material didaktikoarekin interakzioak diharduten bitartean. 30 ikaslerentzako tokia dago laborategian, eta bakoitzak txartel grafikoko ordenagailu-postu bat eta errealitate birtualeko betaurrekoak ditu. Gainera, lankidetzako aulkiak ere badira, lanerako gune desberdinak sortzeko aukera ematen dutenak.

Laborategiak bi motatako irakaskuntza-beharrak asetzen ditu. Alde batetik, profil teknikoko ikasleek laborategiko tresnak erabil ditzakete multimedia-edukia sortzeko, 3D-ko ereduak diseinatzeko edo errealitate birtualeko aplikazio berriak garatzeko. Bestetik, edozein gradutako ikasleek errealitate birtualeko aplikazioak erabil ditzakete ikaskuntzako edukiarekin esperimentatzeko, hala nola kutsu historikoa duen bideojoko batean arituz, zelula baten barruan bidaiatuz edo interbentzio kirurgiko bat simulatuz.

Errealitate birtualeko laborategiaren proiektu hau, Unidigital / UPNA e-reality izenekoa, Europar Batasunak (EB) NextGenerationEU funtsen bidez finantzatutako eta Unibertsitate Ministerioak kudeatutako Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientziarako Planaren barnean dago.