Joan eduki nagusira

Irene Vallejo idazleak eta hark idatzitako El infinito en un junco (Infinitua ihi batean, Pamiela) liburua euskaratu duen Fernando Rey itzultzaile eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Euskararako Atal Teknikoko buruak jendaurreko solasaldi bat eginen dute NUPen otsailaren 23an, osteguna. Ekitaldia 18:00etan hasiko da, Arrosadiko campuseko Olibondoak eraikineko Nicolás García de los Salmones aretoan, eta sarrera librea izanen da aretoa bete arte. Xabier Olarra itzultzailea arituko da moderatzaile.

Irene Vallejo Moreuk (Zaragoza, 1979) Filologia Klasikoa ikasi eta Europako Doktoretza lortu zuen Zaragozako eta Florentziako unibertsitateetan. Gaur egun, mundu klasikoari buruzko dibulgazio lan sutsua egiten du hitzaldien eta ikastaroen bidez. Zenbait hedabiderekin aritzen da lankidetzan, hala nola Heraldo de Aragón eta El País egunkarietan eta Cadena SER irratian. Bere lan literarioen artetik, nabarmentzekoak dira La luz sepultada (2011) eta El silbido del arquero (2015). Saiakerak eta haurrentzako liburuak ere argitaratu ditu. Halaber, egunkarietan argitaratu dituen zenbait artikulu Alguien habló de nosotros (2017) eta El futuro recordado (2020) antologietan bildu ditu. El infinito en un junco liburuarekin (Ediciones Siruela), besteak beste, Saiakeraren Sari Nazionala irabazi zuen 2020an. 45 edizio izan ditu orain arte, eta 35 hizkuntzatara itzuli dute. 

zoom Vallejo Rey

Fernando Rey eta Irene Vallejo, Nafarroako Gobernuaren NAPIren eraikineko isabeldar klaustroan (Pamiela argitaletxearen argazkia).

Fernando Rey Escalera (Iruñea, 1961) Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatua da. Euskara irakaslea izan da, eta urte askoz itzultzaile aritu da Nafarroako Gobernuan. Lan ugari argitaratu ditu, Igela argitaletxearekin batez ere. Itzulpengintzako Euskadi Saria irabazi zuen 2007an, Antonio Tabucchiren Pereirak dioenez euskaratzeagatik. Beste egile askoren lanak ere argitaratu ditu, besteak beste: Elena Ferrante, Jan Neruda, Alessandro Baricco, Fleur Jaeggy, Lorenza Mazzetti, Milena Agus, Orhan Pamuk, Natalia Ginzburg, Bohumil Hrabal, Andrea Camilleri, Yasar Kemal eta Arantxa Urretabizkaia.