Lola Ugarte Martínez Estatistika eta Ikerketa Operatiboko katedraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Material Aurreratuetarako eta Matematikarako Institutuaren (INAMAT²) zuzendari izendatu dute. Rafael Rodríguez Trías Materialen Zientziako eta Ingeniaritza Metalurgikoko katedraduna izanen da haren zuzendariordea, eta Fernando Bimbela Serrano Zientzien Saileko kontratupeko irakasle doktorea arituko da idazkari lanetan.
INAMAT² ikerketa-institutuaren zuzendaritza-talde berria. Ezkerretik eskuinera: Rafael Rodríguez Trías zuzendariordea, Lola Ugarte zuzendari berria eta Fernando Bimbela idazkaria.
INAMAT² institutuak 110 ikertzaile ditu (% 40 inguru emakumeak dira). Azken bost urteetan, institutuko kideek 450 ikerketa-artikulutik gora argitaratu eta 22 patente erregistratu dituzte. Gainera, bosturteko honetan bertan I+G+B-ko 140 proiektu garatu dituzte edo garatzen ari dira. Institutuak hiru arlo nagusitara bideratu du bere ikerketa-jarduera azken urteotan: estaldura funtzionalak eta nanoteknologiako aplikazioak; garapen jasangarrirako materialak; eta datuen zientzia, adimen artifiziala eta modelizazio matematikoa.
Lola Ugarteren CV laburra
Lola Ugartek Matematikako lizentzia egin zuen Zaragozako Unibertsitatean, eta Matematika Zientzietako doktoretza NUPen. Simon Fraser Unibertsitateko (Kanada) Matematika eta Estatistika Sailean egin zuen doktoretza-ondoko prestakuntza. Bere ikerketa-ildo nagusiek modelizazio estatistikoaren eta espazio-estatistikaren nahiz espazio- eta denbora-estatistikaren eremu orokorra dute ardatz, eta hainbat eremutan aplikatzen dira. NUPen koordinatzen duen ikerketa-taldeak (Estatistika Espaziala) ekarpen aitzindariak egin ditu gaixotasunen irudikapen kartografikoaren eta satelite bidezko irudien espazio- eta denbora-fusioaren arloetan.
2007an INNOLEC Lectureship Award saria jaso zuen, Masaryk Unibertsitateko (Txekiar Errepublika) Zientzien Fakultateak emana, eta 2021ean, berriz, BBVA-SEIO Saria, Estatistika Aplikatuan (beste norbaitekin batera) egindako ekarpen hoberenaren saria, nazioarteko epaimahai batek emana. Ehundik gora artikulu argitaratu ditu JCR aldizkarietan, deialdi publikoen bidez finantzatutako hogei proiektutan baino gehiagotan aritu da (gehienetan ikertzaile nagusi gisa) eta administrazio publiko, enpresa eta unibertsitateekin sinatutako berrogei kontratutan baino gehiagotan hartu du parte.
Gainera, hitzaldi ugari eman du bai Estatuan, bai nazioartean, hala nola Santaló konferentzia, 2021ean. Nabarmena da, halaber, editore elkartu gisa edo nazioarteko estatistika-aldizkarietako argitalpen-taldeko kide gisa egindako argitalpen-lana ere (“Statistics in Medicine”, “Statistics and Computing” edo “Journal of the Royal Statistical Society Series A”, besteak beste). “TEST” aldizkariko koeditore nagusi (2017-2020), Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Elkarteko (SEIO) presidenteorde (2010 eta 2013 bitarte) eta NUPeko Estatistikaren eta Ikerketa Operatiboaren Saileko zuzendari ere izan da (2007 eta 2012 bitarte). Gaur egun, FENStatS-eko (Europako Estatistika Elkarteen Federazioa) Kontseilu Exekutiboko kidea da, baita Nafarroako Estatistika Kontseiluko NUPeko ordezkaria ere. 2017ko urtarriletik 2018ko ekainera, Matematikako kudeatzailearen adjuntua izan zen Estatuko Ikerketa Agentziako (EIB) Koordinazioko, Ebaluazioko eta Jarraipen Zientifiko Teknikoko Dibisioan.
2018ko uztailean, AEIko MTM (Matematika) arloko koordinatzaile izendatu zuten (2018-2021). Gaur egun, Ikerketa Jardueraren Ebaluaziorako Batzorde Nazionaleko (CNEAI) Matematika eta Fisika Batzordeko presidentea da. Gadea Ciencia Fundazioko Matematikako Aholku Batzordeko kide ere bada.