Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ICOMMUNITAS Gizarte Ikerketa Aurreratuko Institutuak eta Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Industria Ingeniari Teknikoen Elkargoak (CITI Navarra) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute eraldaketa teknologiko handiek ekartzen duten eragin soziala elkarrekin aztertu eta hari aurrea hartzeko. Era berean, teknologiak aldaketa sozialean eta ikerketa soziologikoan berean efikazia handiagoz eragiteko duen ahalmena baliatu nahi dute. Horretarako, testuak zenbait ekintza zehatz biltzen ditu, ikasleentzako praktikak edo lanak eta prestakuntza-jardunaldiak besteak beste.


Hitzarmenaren sinatzaileak. Ezkerretik eskuinera, Luis Maestu CITI Navarrako dekanoa eta Francisco Javier Arregui San Martín NUPeko Ikerketako errektoreordea.
Francisco Javier Arregui San Martín NUPeko Ikerketako errektoreordeak eta Luis Maestu CITI Navarrako dekanoak sinatutako hitzarmen horren bidez, bi erakundeek gizarte zientzien eta ikerketa sozialaren arlora zabaldu dute beren lankidetza, jada elkarlanean ari baitziren 4.0 Industriaren Katedraren bidez. NUPek ICOMMUNITAS Gizarte Ikerketa Aurreratuko Institutuaren bidez gauzatuko du lankidetza hori, jakitun baita, Arreguik azpimarratu duenez, “ikuspegi zientifiko-teknologikoa eta ikuspegi humanistiko-soziala gurutzatzeak erronka eta elkar aberastea dakarrela berekin, prestakuntza- eta ikerketa-jarduera integralak garatzeko aukera ematen baitu”.
Hala, objektu eta eragile zientifiko-teknologiko eta sozialak integratuko dituen kultura baten garapena eta hedapena sustatu nahi da, prestakuntza- eta ikerketa-jardueren bidez. Pertsonak, gaitasunak, ezagutzak eta baliabideak trukatzeari esker, bi erakundeek beren lan-ildoak aberastu nahi dituzte, bai eta erantzun hobeak eskaini ere, eskala desberdinetan, gaur egungo arazo eta erronka handiei begira.
Baterako jarduerak
Hitzarmenak zenbait jarduera zehatz biltzen ditu, besteak beste: Soziologia Aplikatuko Graduko ikasleek praktikak CITI Navarran edo enpresa elkartuetan egitea, arlo horietako ikasleei bi aldeentzat interesgarriak diren ikasketa amaierako lanak eskaintzea, ikasleek parte hartzea CITIk enpresa eta unibertsitateekin sustatutako nazioarteko proiektuetan eta CITIk, ICOMMUNITASek edo biek batera sustatutako ikerketa-proiektuak prestatzea eta haietan parte-hartzea.
Halaber, teknologiari eta gizarteari buruzko jardunaldiak eginen dira aldizka, intzidentzia eta proiekzio sozialaren arloko prestakuntza-jarduerak eskainiko dira enpresek, administrazioek edo beste entitate batzuek eskatuta eta “hub-coworking” espazioak diseinatu eta ezarriko dira enpresa teknologikoen, administrazio publikoen eta ikertzaile sozialen arteko lankidetza-sareak finkatzeko.
CITI Navarra eta ICOMMUNITAS
CITI Navarra Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Industria Ingeniari Teknikoen Elkargoa da. Zenbait zerbitzu eskaintzen dizkie bere 2.400 elkargokideei, besteak beste enplegu, prestakuntza, aholkularitza eta nazioartekotze zerbitzuak eta proiektuak garatzeko zerbitzuak, haien garapen pertsonalaz eta profesionalaz gain gizartearen beraren hobekuntza eta ongizatea ere sustatzeko.
Bestalde, ICOMMUNITAS NUPeko Gizarte Ikerketa Aurreratuko Institutuak hauek ditu helburu: giza eta gizarte zientzien eta zientzia juridikoen arloan bikaintasuneko ikerketa sustatzea, diziplina horietan kalitateko ezagutza sortzea eta zabaltzea, askotariko erakunde, enpresa eta elkarteekiko lankidetza indartzea eta, azkenik, gizarte zibila indartzea bere zentzurik zabalenean.