Joan eduki nagusira

Excavaciones Fermín Osés SL eta Construcciones Mariezcurrena SL enpresek osatutako Salud-UPNA aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu zaizkio Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Osasun Zientzien Fakultatea eraikitzeko lanak. Eraikinak 30.294.000 €-ko kostua izanen du (BEZa barne), eta 28 hilabetean burutu beharko da. Gaur egungo fakultatea Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan dago kokatua, eta bertan ematen dira Medikuntzako, Erizaintzako eta Psikologiako titulazioak; eraikin berria gaur egungo fakultatearen zabalpena izanen da.

Jarduketa hau Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuarekin egindako finantzazio-akordioaren barrenean dago, zeinak aukera eman baitzuen Unibertsitateko aurrekontuan azpiegitura berrirako diru partida sartzeko.

zoom Recreación edificio

Proiektatutako eraikinaren barnealdeko irudikapena.

Lehiaketa horren deialdia 2022ko abuztuan egin zen; 33 milioi euroko prezio maximoa zuen eta zazpi enpresak egin zituzten eskaintzak. Jendeak gogoratuko duenez, lanak esleitzeko lehenbiziko lehiaketa, 2022ko urtarrileko deialdikoa, bete gabe gelditu zen. Hori horrela izateko kausa posibleen artean pandemiaren ondoren izan ziren hornidura-arazoak aipatu ziren, baita prezioen garestitzea ere, besteak beste Ukrainako gerrak eragindakoa.

“HLA+E” proiektua izan zen –José María Errea Argaiz buru zuen taldeak egina eta Varquitectos eta Bryaxis Arquitectos estudioek lankidetzan garatua– eraikin berrirako proiektuen lehiaketako irabazlea 2020an, berak lortu baitzuen puntuaziorik altuena aurkeztutako 35 proposamenen artean: 100etik 96.

Nafarroako Gobernuak ingurunean erabat integratutako eraikin bat egitea proposatu zuen, aldi berean XXI. mendean dugun osasunaren ulerkerarekin eta gaur egungo beharrekin bat datorrena: eraikin funtzionala, baina baita jasangarria ere. Horixe izan zen proposamen irabazlearen alderdi baloratuenetako bat: energia positiboko eraikin baten aldeko apustua egin zen, in situ sortu beharko duena berokuntza-, hozte-, aireztapen- eta argiztapen-sistemek kontsumitzen duten energia kantitate bera gutxienez.
 

zoom TEXTO ALT

Eraikin berria eraikiko den orubearen irudia.