Aimar Seminario Unzu Plaza de la Cruz Bigarren Hezkuntzako Institutuko Batxilergoko bigarren ikasmailako ikasleak irabazi du Nafarroako Olinpiada Informatikoa, joan den otsailaren 3an egin zena Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Bigarren postua Naia Ongay Zaratiegui San Fermin Ikastolako Batxilergoko 2. ikasmailako ikasleak lortu du.


Lehiaketan parte hartu zuten ikasleen talde argazkia. Bigarren lerroan, ezkerretik hasita bigarrena, irabazlea, Aimar Seminario Unzu; lehenbiziko lerroan, ezkerretik hasita seigarrena, bigarren sailkatua, Naia Ongay Zaratiegui.
Lehiaketa Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Erdi Mailako ikasketetako ikasleei zuzendua dago. Ikasleek programazioari eta algoritmoei buruzko zenbait jarduera egin behar izan dituzte, non beren buru-argitasuna eta gaitasunak jarri behar dituzten proban problema batzuk ebazteko.
IITIGMET eta Estatistika, Informatika eta Matematika Saila izan dira sarien babesleak; zehazki diploma, micro:bit plakei lotutako materiala eta NUPeko merchandisinga eman zaie irabazleei.
Izena eman zuten 24 ikasleak ikastetxe hauetakoak ziren: Toki Ona BHI, María Ana Sanz II, Plaza De La Cruz BHI, Basoko BHI, Navarro Villoslada BHI, San Fermin Ikastola, Vedruna ikastetxea, San Cernin ikastetxea, San Ignacio ikastetxea, Huarte II eta La Compasión Eskolapioak. Hiru ordu izan zituzten jarri zizkieten probak osatzeko, zeinak ebazteko beharrezkoa baitzen Python, C/C++ edo Java lengoaietan programatzen jakitea.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoak (IITIGMET) eta Ingeniaritza Informatikoko eta Ingeniaritza Informatiko Teknikoko Nafarroako elkargo profesionalek antolatzen dute Olinpiada Informatikoa. Aurtengo edizioa Espainiako Eskualdekako Olinpiada Informatikoen barrenean sartzen da, eta, beraz, irabazlea Nafarroaren ordezkari izanen da Espainiako Olinpiada Informatikoan.