Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Tracasa Instrumentalek “Konputazioaren Zientzien eta Adimen Artifizialaren Katedra” sortu dute. Haren helburua da ezagutza sortzea eta hedatzea informazioaren teknologien arloan, datuen tratamenduaren, prozesamenduaren eta analitika aurreratuaren bidez, bai eta irtenbide berritzaileak lantzea ere administrazio publikoaren, lurraldearen eta gizartearen arloan. Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak eta Mar González Tracasa Instrumentaleko zuzendari kudeatzaileak sinatu dute katedra hori sortzeko hitzarmena NUPen. Ekitaldian izan dira, halaber, Juan Cruz Cigudosa Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari eta Tracasa Instrumentaleko administrazio-kontseiluko burua eta Ana Burusco Unibertsitateko zuzendari nagusia.


Ezkerretik eskuinera: Ana Burusco, Unibertsitateko zuzendari nagusia; Ramón Gonzalo, NUPeko errektorea; Juan Cruz Cigudosa, Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, eta Mar González, Tracasa Instrumentaleko zuzendari kudeatzailea.
Katedra sortzeko testuan jasotzen den bezala, lan arloei dagokienez, honako arlo tematiko hauek joko dira interesekotzat: ikaskuntza automatikoa (machine learning), ikaskuntza sakona (deep learning), konputagailu bidezko ikuspegia, hizkuntza naturalaren prozesamendua, azaltzeko moduko ikaskuntza automatikoa, konputazio banatua eta big data, errealitate birtualaren eta errealitate areagotuaren ikusizko teknologiak, kontabilitate banatuaren teknologia (DLT) eta konputazio kuantikoa.
Halaber, hauek dira katedra sortzeko helburuak, aipatutakoez gainera: NUPen eta Tracasa Instrumentalen arteko lankidetza eta kooperazioa garatzea; ikerketa aurreratua eratzea, mundu akademikoak eta enpresenak bilakaera eta integrazio egokia izan dezaten; unibertsitateko ikasleen eta enpresetako profesionalen prestakuntza praktikoari laguntzea, eta unibertsitate zabalpeneko jarduerei laguntzea (kulturalak, kirolekoak edo sozialak).
Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak esan duenez, mundu akademikoaren eta enpresen sektorearen arteko lankidetza indartzeko xedez sortu den katedra honek “irtenbide berritzaileak landu nahi ditu, Administrazio Publikoarentzat nahiz lurralde eta gizarte osoarentzat onurak ekarriko dituztenak”. Ildo horretan, Cigudosak nabarmendu du gai horiei buruzko ezagutza sortzea garrantzi handikoa dela Nafarroak aurrera egin dezan konputazioko eta adimen artifizialeko erreferente gisa Espainian nahiz nazioartean. Gainera, kontseilariak balioetsi du “gai horiek administrazioen eta enpresa publikoen lehiakortasuna hobetzeko aukera ematen dutela, haiek punta-puntako teknologiei buruz duten ezagutza areagotzen baitute”.
Lankidetza modalitateak
Bi entitateen arteko lankidetzak baterako jardueren garapena izanen du ardatz. Jarduera horien artean, aipatzekoak dira katedraren arloko lerro tematikoei buruzko ikerketa-proiektuak, doktoretza-tesiak eta ikasketa amaierako lanak (masterrekoak edo gradukoak), praktikak Tracasa Instrumental enpresan egitea, eta handitzea enpresa horretako profesionalen parte-hartzea Unibertsitatean, dela mintegien dela eskolen bidez, non ezagutza eta eskuratutako esperientzia partekatutako baitute.
Gainera, proposamen hauek egin dituzte: katedra honen xedearekin lotutako eremuetan Nafarroako Adimen Artifizialeko Ikerketa Zentroarekin lankidetzan aritzea; elkarrekin koordinatzea Unibertsitateari laguntza emateko eskualdeko, estatuko eta nazioarteko eremuetan I+G+b-ko laguntzak lortzeko partzuergoetan; SINAIko edo ikerketa-zentroetako beste eragile batzuekin lankidetza-akordioak egitea, eta Unibertsitateko ikasleek Tracasa Instrumentaleko produkzio-zentroetara bisitak egitea.
Segimendu batzorde misto batek ezarriko du katedraren jardueren urteko programazioa. Batzorde hori katedra osatzen duten entitateetako bakoitzeko gutxienez 2 ordezkarik eta gehienez 5ek osatuko dute, eta urtean bitan bilduko da gutxienez. Unibertsitateak, batzordeak proposatuta, katedraren ardura izanen duen zuzendari bat izendatuko du, eta hark urtebeteko aldietan beteko du kargua, luzatzeko aukerarekin.