Guztira, 22 herrialdetako 133 ikasle atzerritarrek eginen dute 2022-2023 ikasturteko udaberriko seihilekoa Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), erakunde akademikoak eskaintzen dituen nazioarteko mugikortasuneko programetako baten bidez. Berriki, ikasle horientzat antolatzen dituen ongietorria egiteko jardunaldietatik bigarrena egin du Unibertsitateak; bertan Iruñeko egonaldirako informazio praktikoa eskaini zitzaien. Bigarren seihilekoan sartuko diren 133 ikasle atzerritar horiez gain, beste 43 lehenbiziko seihilekoan sartu ziren NUPera ikasturte osoa egiteko.
Gainera, Buddy programan parte hartzen duten NUPeko ikasleek laguntza emanen diete etorri berriei. Harrera ekimen horren bidez kanpoko ikasleei laguntza ematen zaie dela Iruñea eta Unibertsitatea ezagutzeko, dela beste zenbait kontutan, hala nola bizilekua bilatzeko eta zenbait tramite egiteko.
Ikasle horietako gehienek graduko ikasketak eginen dituzte NUPen, eta zortzik, berriz, masterreko ikasketak. Ongietorriaren barnean, Unibertsitateko Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Errektoreordetzak koordinatuta, bisita gidatu bat ere eskaintzen zaie Unibertsitatean barrena, bai eta NUPen egin daitezkeen ikasketei eta kultur eta kirol jarduerei buruzko informazio hitzaldiak ere. Unibertsitateko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian espainierari buruzko astebeteko ikastaro trinkoa eta doakoa egiteko aukera ere badute.
Programak eta herrialdeak
Esan dugun bezala, nazioarteko ikasleak 22 herrialdetakoak dira, gehienak Europakoak, eta honela daude banatuta: Alemania (12), Austria (6), Belgika (3), Frantzia (9), Grezia (2), Hungaria (2), Italia (15), Lituania (4), Herbehereak (7), Polonia (1), Txekiar Errepublika (4) eta Turkia (2). Gainera, 19 ikasle Mexikotik datoz; 18, Estatu Batuetatik; 6, Argentinatik; 9, Txiletik, 7, Kolonbiatik; 3, Perutik; bat, Brasildik, eta beste bat, Kanadatik. Bestalde, ikasle bana etorri dira Afganistandik eta Australiatik.
Programa motaren arabera, 66 ikasle Erasmus+ programakoak dira (Europako eta beste herrialde elkartu batzuetako ikasleekin trukea egiteko); beste 45 ikasle Palafox programarekin datoz NUPera (Latinoamerikarekin trukea egiteko); 10 ISEP USA programaren bidez datoz; 9, unibertsitateen arteko aldebiko hitzarmenen bidez; eta hiru pertsona ikasle bisitari gisa datoz.