Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 2022ko Sormen Sariak banatzeko ekitaldia ospatu du. Azkeneko edizio honetan hainbat modalitatetako hamaika sari eman ziren. Sari banaketa Errektoretzaren eraikinean egin da, eta, ekitaldian, Ramón Gonzalo errektorea eta Begoña Pérez Eransus Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea izan dira buru. Sari horien bidez, unibertsitateko komunitatearen jarduera artistiko eta kulturala piztu eta zabaldu nahi da, hainbat arte-eremutakoa.
Azken edizio honetan lau kategoria izan ziren: Campus Music; Instagrameko argazkiak: Campus Osasungarria; Campuseko Istorioak (kontakizun laburra/poesia) eta “Hobetu zure campusa” ideia-lehiaketa. Irabazleak, modalitateka, honako hauek izan dira Campus Musicen: Rubén Lapuente Núñez, “Fenómenos” izeneko lanagatik, eta, bigarren, Claudia Llamo Santamaría “Mouth” lanagatik (euskarazko narratiba). “Instagrameko argazkiak” modalitatean, Pablo González Martínez izan da irabazlea, “Hábitos” izeneko irudiarekin, eta bigarren postua Uxia Nerea Blanco Lópezentzat izan da, “Azken txanpa” lanari esker.
Sarituak argazki batean errektorearekin eta Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordearekin.
Paula Perurena Labayenek irabazi du euskarazko narratibaren lehenbiziko saria, “Ikararen kontra” izenburuko lanagatik. Gaztelaniazko narratibako lehenbiziko saria, berriz, eman gabe gelditu zen, eta Aarón Galar Zabalzak irabazi zuen bigarrena, “El banco donde nadie se sentaba” lanagatik.
Euskarazko poesian, lehenbiziko eta bigarren sariak, hurrenez hurren, Peio Ardaiz Galérentzat eta Paula Perurena Labayenentzat izan ziren, honako lanei esker: “Galderak” eta “Ondoan eseri zaizkidan guztiei”. Bestalde, Fátima López Curielek eskuratu zuen gaztelaniazko poesia modalitateko lehenbiziko saria, “Primer acto” lanarengatik.
Azkenik, ideia-lehiaketan, Luis Martínez Gómiz izan zen irabazlea “Cápsula del tiempo” lanari esker, eta, bigarren, Aimar Esain Zaratiegui, “Hábitos saludables” lanarekin.
Sarien zenbatekoa
Sariak, modalitatea zein den, desberdinak dira. “Campus Music” lehiaketan, diruaz gainera (1.000 € edo 750 €), lehenbiziko sarituak NUP ordezkatuko du Unibertsitateen G9 Taldearen musika-taldeen lehiaketan; argazkigintzan, argazki hoberenaren saria 150 € izan da, eta bigarren sailkatuarena, berriz, 75 €; literatur sorkuntzan, 200 eta 100 euroko sariak eman dira; eta, “Hobetu zure campusa” izeneko ideia-lehiaketan, 250 eta 125 euro.