Joan eduki nagusira

Gabriela Beatriz Arancibia Bahamonde Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako Graduko bigarren ikasmailako ikaslea hautatu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ikasleen Kontseiluko presidente. Ikasleen Kontseilua ikasleen eztabaida, kontsulta eta ordezkaritza organoa da, eta gradu, graduondo eta doktoretza titulazioetako taldeko delegatuek eta talde horretako klaustrokideek osatzen dute.

Gabriela Beatriz  Arancibia Bahamondek Marta López Marsá ordeztuko du, zeina 2021eko azaroan hautatu baitzuten. Presidente berriak Navarro Villoslada BHIn egin zituen unibertsitate aurreko ikasketak, eta ikasmailako delegatu izan zen bertan, baita NUPen egiten ari den graduko lehenbiziko eta bigarren ikasmailetan ere. Halaber, ikasleen ordezkari aritu da Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko Kalitate Batzordean.

zoom Gabriela Arancibia

Gabriela Beatriz Arancibia Bahamonde, NUPeko Ikasleen Kontseiluko presidente berria.

Ikasleen Kontseiluko burua organo horren osoko bilkuran hautatu zuten. Horretaz gainera, Batzorde Iraunkorreko kideen karguak berritu zituzten, eta saileko kontseiluetako, ikastegiko batzordeetako (fakultateak eta eskolak) eta ikastegietako kalitatea bermatzeko batzordeetako ordezkariak hautatu. Gainera, Kontseiluak Inklusio Sozialeko eta Komunikazioko batzordekidetzak sortu ditu, eta Blanca Ortega Ancel eta Erica Chiriac izanen dira haien arduradunak.

Gabriela Beatriz Arancibiak Luis Martínez Gómiz izendatu du presidenteorde, eta Garazi Aizkorbe Escriche idazkari. Idazkariorde lanak, berriz, María Virto Martínezek eginen ditu, eta Eneko Andueza del Campo izanen da Kontseiluaren koordinatzailea. Ikasleen Kontseiluaren osoko bilkuran, halaber, Batzorde Iraunkorreko kideak ere hautatu zituzten: María Virto Martínez (Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko batzordekidea), Josu Miranda Arrubla (Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikokoa), Larisa Stefania Stingaciu (Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatekoa), Garbiñe Aizkorbe Escriche (Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultatekoa), Luis Martínez Gómiz (Zientzia Juridikoen Fakultatekoa), Nadir Mansori Essalhi (Osasun Zientzien Fakultatekoa) eta María Urretavizcaya Rey (Tuterako campusekoa). Oraindik ere erabakitzeko dago nor izanen den Doktoretzako batzordekidea.

zoom Miembros del Consejo de Estudiantes

Ezkerretik eskuinera: María Urretavizcaya Rey (Tuterako batzordekidea), María Virto Martínez (NIBGMETeko batzordekidea eta idazkariordea), Garazi Aizkorbe Escriche (idazkaria), Luis Martínez Gómiz (ZJFko batzordekidea eta presidenteordea), Gabriela Beatriz Arancibia Bahamonde (presidentea), Erica Chiriac (Komunikazioko batzordekidea), Blanca Ortega Ancel (Inklusio Sozialeko batzordekidea), Eneko Andueza del Campo (koordinatzailea), Josu Miranda Arrubla (IITIGMETeko batzordekidea) eta Garbiñe Aizkorbe Escriche (GGHZFko batzordekidea).

Ikasleen Kontseiluaren eginkizunak

Ikasleen Kontseilua eztabaida, kontsulta eta ordezkaritza organo gorena da, eta Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzaren mende dago. Bere eskumenen artean daude, besteak beste, ikasleen ekimenak bideratu, eztabaidatu eta proposatzea; Unibertsitateko komunitateari buruzko informazioa biltzea ikasleei helarazteko; Unibertsitateko zerbitzuen ebaluazio prozesuetan parte hartzea; eta Kalitate Batzordean dituen ordezkariak hautatzea eta ikastegietako batzordeetako eta sailetako kontseiluetako kide izanen diren ordezkariak hautatzea.

Horretaz gainera, ordezkari-lanak egiten ditu Espainiako zenbait organotan, esaterako Estatuko Unibertsitateko Ikasleen Kontseiluan (CEUNE), eta unibertsitateetako ikasleen kontseiluak biltzen dituzten hainbat elkartetan.

Ikasleen Kontseiluaren organoak hauek dira: batetik, osoko bilkura, zeina gutxienez urtean behin bildu behar baita, irakaskuntzaldian; eta, bestetik, Batzorde Iraunkorra, batzordeburuak, idazkariak eta zortzi kidek osatua (ikastegi bakoitzeko ordezkari bat, doktoretzako ikasleen beste ordezkari bat eta Tuterako campuseko beste bat).