Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) Europako bost herrialdetako hamabost ikertzaile batzen dituen proiektu bat gidatzen ari da. Ikertzaile horiek estatuko, autonomia-erkidegoetako eta nazioarteko araudietan desgaitasunagatiko diskriminaziorik ezaren printzipioa nola aplikatzen den aztertuko dute hiru urtez –desgaitasuna duten pertsonei buruzko Nazio Batuen Erakundearen Konbentzioan dator, 2006an New Yorken onetsia eta 2008an indarrean sartua–. “Desgaitasuna duten pertsonen gaitasunaren eta haiei laguntzeko neurrien erregimena aldatu egiten da, ez bakarrik estatu batetik bestera, baita estatu baten barrenean ere, eta gai horretan egin diren araudi-erreformek panorama konplexuagoa eta askotarikoagoa sortu dute araudiari dagokionez”, laburbildu du Natividad Goñi Urriza erakunde akademikoko Zuzenbide Saileko irakasle eta proiektuaren ikertzaile nagusiak. Zehazki, 33.517 euroko dirulaguntza jaso du Zientziako eta Berrikuntzako Ministerioaren 2021-2023ko Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako eta Berrikuntzarako Estatuko Planaren azkeneko deialdian.
Natividad Goñiz gain, ikerketa-taldean NUPeko beste lau irakasle ere badaude (María Luisa Arcos Vieira eta Javier Blázquez Ruiz katedradunak eta Iñaki Riaño Brun eta Leyre Elizari Urtasun irakasleak), baita Sevillako Unibertsitateko katedradun bat (Inmaculada Vivas Tesón) eta Almeríako Unibertsitateko irakasle bat ere (Ana María Pérez Vallejo). Horiez gain, beste ikertzaile hauek ere lantaldean daude: Espainiako unibertsitateetako batzuk (Castellóko Jaume I Unibertsitateko Maria Chiara Marullo eta Malagako Unibertsitateko Pedro Botello Hermosa), Estoniako bat (Tallinneko Teknologiako Unibertsitateko Thomas Hoffmann), Frantziako batzuk (Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko Michelle Mestrot eta Maitena Poelemans), Portugaleko bat (Coimbrako Unibertsitateko Mafalda Miranda Barbosa) eta Errumaniako bat (Babes-Bolyai Unibertsitateko Elena Alina Oprea), eta, orobat, Javier Pérez Font Nafarroako arartekoaren aholkularia.
NUPeko ikerketa-taldea. Ezkerretik eskuinera: Javier Blázquez, María Luisa Arcos, Natividad Goñi, Iñaki Riaño eta Leyre Elizari.
Sei entitate kolaboratzaile
Proiektuan sei entitate hauek ere hartzen ari dira parte: Liber (erabakiak hartzen laguntzeko entitateen elkartea), Nafarroako Tutoretza Fundazioa (FUTUNA), Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntzak emateko Nafarroako Fundazio Publikoa (Fundapa), NUPeko Unibertsitatea eta Ezgaitasuna Elkartea, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Nazioarteko Harremanetako Zerbitzua eta Justizia eta Desgaitasuna Foroa.
“Espainian bezala, gure inguruko beste herrialde batzuetan ere erreformak egin dituzte beren arauak Nazio Batuen 2006ko Konbentziotik eratorritako printzipioetara egokitzeko –azaldu du Natividad Goñi ikertzaileak–. Hala eta guztiz ere, desgaitasunagatiko diskriminaziorik ezaren printzipioa ezartzea ez da parekidea izan, eta, beraz, gaitasuna ulertzeko bi modu daude gaur-gaurkoz: batetik, trataera parekidea bermatzeko autodeterminazioan oinarritzen dena, eta, bestetik, autoritatearen esku-hartzean oinarritua.
Ikertzaile horren ustez “Espainian New Yorkeko Konbentzioko printzipioak txertatzeak zera ekarri du: estatuko arau batzuetan ez ezik, autonomia-erkidegoetako arau batzuetan ere egitea erreformak, hala nola Kataluniakoan, 2021ean bere Kodigo Zibila egokitu baitzuen, edota Nafarroakoan, duela gutxi desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzko 31/2022 Legea aldarrikatu baitzuen.
Gaitasun juridikoa ulertzeko beste modu bat
Gaitasunaren arloko legeria zibil eta prozesala erreformatu zuen 2021eko ekainaren 2ko 8/2021 Legeak pertsonak ezgaitzea eragozten du eta laguntzak emateko prozedura baten alde egiten du. Hori dela-eta, lege hori indarrean sartzearen ondorioz, gainerako ordenamendu juridikoak gaitasun juridikoaren ulerkera berri horretara egokitu behar du. “Edozein arlotako arauek zenbait kontzeptu aipatzen dituztenean, hala nola ‘judizialki aldatutako gaitasuna duen pertsona’, ‘ezgaitua’, tutorea edo pertsona heldu baten legezko ordezkaria, gaur egun existitzen ez diren kontzeptu batzuei egiten diete erreferentzia –adierazi du ikertzaileak–. Gainerako arau zibilak gaitasuna ulertzeko modu berri horretara egokitzea bereziki garrantzitsua da. Baliteke kasu batzuetan nahikoa izatea aldaketa nominal edo formalen bat egitea, eta termino zaharrak berriekin ordeztea, baina kasu gehienetan aldaketa konplexuagoa izanen da eta printzipio berrien araberako berrinterpretazioa edo legezko aldaketaren bat egitea beharko dute".
Espainiako eta inguruko herrialdeetako ordenamendu juridikoa Nazio Batuen Erakundearen 2006ko Konbentzioaren printzipioetara egokitzeko bidean, “bereziki kezkagarriak dira nazioarteko eta estatu barneko legerian dagoen dibertsitatearen ondorioak; izan ere, eragina izaten ahal du pertsona horien zirkulazio askerako eskubidean.” “Horrenbestez, beharrezkoa da desgaitasuna duten pertsonei eragiten dieten kontuak konparazioan aztertzea, hau da, alde batetik eskubide substantibo eta arau prozesalak eta bestetik haiek lege-gatazka baten egoeran behar dituzten laguntzak eta babesa konparatzea”, gehitu du Natividad Goñik.