Bi ikertzaile nafarrek (Laura Carlosena Remírez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko —NUP— Ingeniaritza Saileko irakasle elkartua, eta Alicia Carlosena Remírez, Hegoaldeko Gales Berriko Unibertsitateko —Sydney, Australia— Medikuntza eta Osasun Fakultateko ikertzailea) ikerketa bat egin dute azken 25 urtean Espainian beroaren ondorioz izandako heriotza-tasen joerei buruz. Ondorioztatu dutenez, “lotura handiak” daude hiriak gainberotu eta bero-boladak gertatzearen eta heriotza kopuruaren artean, nahiz eta egia den tenperatura altuekin lotutako heriotzen kopuruak behera egin duela. Izan ere, 1999-2018 aldian, horren ondoriozko 791 heriotza zenbatu dira (65 urtetik gorako pertsonak izan dira horietatik % 62), baina erritmoa moteldu egin da. Maximoa 2003an izan zen, guztira 182 izan baitziren; ordutik, 60 eta 20 artean izan dira. “Beherakada hori beroa prebenitzeko osasun planak ezartzearen eta eskualdeen berezko ezaugarrien ondorio izan daiteke. Hala ere, egoera oso heterogeneoa da, hain zuzen klima desberdinak, osasun sistemetan inbertitutako dirua eta hirien morfologiak direla eta”, azaldu du Laura Carlosenak.
Ikerketa hori “The Trend of Heat-Related Mortality in Spain” izeneko kapituluan jaso da (Beroarekin lotutako heriotza-tasen joera Espainian), “Urban Overheating: Heat Mitigation and the Impact on Health” liburuan (Hirien gainberotzea: beroa arintzea eta osasunean duen eragina). Nasrin Aghamohammadi (Malayako Unibertsitatea, Malaysia) eta Mat Santamouris (Hegoaldeko Gales Berriko Unibertsitatea) editoreek gidatu dute lana, eta Springer argitaletxeak kaleratu du.
“Urbanizazio azkarrak eta biztanleriaren hazkundeak eta zahartzeak, tenperaturen igoerarekin eta muturreko fenomeno meteorologikoekin batera, desafio larriak ekarriko ditu mundu osoan etorkizun hurbilean —azaldu du Laura Carlosenak—. Espainia ez da salbuespen; Europako bizi-itxaropen handienetako bat du, baita biztanleria-dentsitate oso handia ere bere hirietan. Gainera, askotariko klima izanik ere (eskualde idor zein hezeak, bero zein hotzak), uda partean bero-boladek eragin handia izaten dute”.
Beroa gehien sufritzen duten pertsonak
Ikertzaileen iritziz, tenperatura-igoerek “egokitzapen fisiologikoa eskatzen dute, eta zama handia izan daitezke osasunerako”. “Obesitatea edo arnas gaixotasunak, gaixotasun kardiobaskularrak, diabetesa edo giltzurrun-gutxiegitasuna duten pertsonek zailtasun handiagoak dituzte berora egokitzeko”, dio Alicia Carlosenak.
Horrez gain, Espainiako higiezinen parkeak “gainberotzearekin lotutako arazo batzuk ditu, eraikinen erdiak 1980 baino lehen eraiki baitziren”, adierazi du Laura Carlosenak. “Azpiegitura berdeek hiriko klima eta konfort termikoa hobetzen dituzte. Hala ere, Espainiako berdeguneen banaketa ez da nahikoa”, erantsi du.
Ikertzaileen arabera, ikerketa gehiago egin behar dira “prozedura estandarizatuekin”, eta “jada ezarritako estrategien eraginkortasuna kuantifikatu behar da, zehazteko zein den egokiena klima bakoitzerako eta udalerri bakoitzaren baldintzetarako”. Estrategia horien artean, nabarmentzekoa da gehiegizko tenperaturek osasunean dituzten ondorioak prebenitzeko jarduketen Plan Nazionala, Espainian 2003ko bero-boladaren ondoren abian jarritakoa, baita Bartzelonan, Madrilen eta Sevillan planteatutako irtenbideak ere, hala nola fatxada eta estalki berdeak, itzal eremuak eta “cool roof” izenekoak (sabai hotzeko estalki islatzaileak), “udan erradiazio bidezko eguzki-irabaziak murriztea eta hirietako gainberotzea saihestea helburu dutenak”.