Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Unibertsitatea Erakusteko Egunak eginen ditu: Iruñean otsailaren 18an eta 25ean, eta Tuteran martxoaren 4an, denak larunbatarekin. Saio horietan, NUPek 2023-2024 ikasturterako eskainiko dituen 27 graduen eta 8 gradu bikoitzen inguruko orientazio-hitzaldi espezifikoak emanen dira. Saioak goizez eginen dira eta aldez aurretik izena eman beharra dago, online. Datorren ikasturtean Unibertsitatean hasi nahi duten Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat dira, bai eta haien gurasoentzat ere. Jardunaldien eduki osoa eta izena emateko estekak Unibertsitatearen webgunean daude.
Jakintza-arloen arabera antolatuta daude jardunaldiak. NUPeko titulazioei buruzko informazio-hitzaldiak emanen dira, eta bisitak eginen dira Unibertsitateko instalazioetara, bereziki laborategi eta lantegietara ingeniaritzen, osasunaren eta zientzien arloko graduen kasuan. Halaber, nahi dutenek aukera izanen dute Iruñeko Arrosadiko campuseko kirol-instalazioak eta Urkiak Unibertsitate Egoitza ikusteko. Horretaz gainera, Unibertsitatearen Arreta Bulegoak zalantzak argituko ditu 10:00etatik 14:00etara, Arrosadiko campuseko Liburutegiko beheko solairuan, gai hauei buruz: Unibertsitaterako sarbidea, NUPen eskaintza akademikoa, ikasleentzako baliabide eta zerbitzuak, beka deialdiak eta tramite administratiboak, adibidez aurreinskripzioa eta matrikula. Zerbitzu horiek guztiak Osasun Zientzien Fakultatearen campusean dagoen bulegoan ere emanen dira (Barañaingo etorbidea, z.g.) otsailaren 18an, 10:00etatik 14:00etara.
Informazio horri buruzko xehetasunak, bai eta Unibertsitateak ikasleei eskaintzen dizkien graduei eta zerbitzu orokorrei buruzkoak ere, Nafarroako Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako irakasleekin NUPen Arrosadiko campusean egindako lan bilera batean zehaztu ziren (orientatzaile lanak egiten dituztenekin batez ere). NUPen izenean, Cristina Bayona Sáez Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeak eta Inmaculada Farran Blanch Irakaskuntzako errektoreordeak hartu zuten parte. Urtero antolatzen da lan bilera hori, Nafarroako ikastetxeek Unibertsitatearen eskaintza akademikoaren eta berritasunen berri izan dezaten.
Unibertsitatea Erakusteko Egunak, zehatz-mehatz
Esan bezala, jardunaldiak otsailaren 18an hasiko dira (larunbata), Iruñean. Zehazki, Arrosadiko campusean, 09:30ean, titulazio hauei buruzko informazioa emanen da: arlo juridikoko titulazioak (Lan Harremanak eta Giza Baliabideak —Lanbide Heziketako ikasleentzako 2+3 programa barne—, Zuzenbidea eta Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako —EAZ— eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza) eta Industriaren arloko titulazioak (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa, Ingeniaritza Mekanikoa, Industria Teknologien Ingeniaritza, Diseinu Mekanikoko Ingeniaritza eta Ingeniaritza Termikoko gradu dual berria). 10:45ean, Informatikaren eta Telekomunikazioen arloko saioa hasiko da (Ingeniaritza Informatikoa, Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritza, Ingeniaritza Biomedikoa eta Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako eta Ingeniaritza Biomedikoko Gradu Bikoitza). 12:00etan, Ekonomiaren eta Enpresaren arloko aurkezpena hasiko da (EAZ —Lanbide Heziketako ikasleentzako 2+3 programa barne—, Ekonomia, EAZko eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza, EAZko eta Datuen Zientziako Gradu Bikoitza eta EAZko eta Ekonomiako Gradu Bikoitzaren Nazioarteko Programa).
Egun horretan bertan, Osasun Zientzien Fakultatean, Osasunaren arloko bi saioak eginen dira: 09:30ean eta 12:00etan. Bi saio horietan, Erizaintzako, Fisioterapiako, Medikuntzako eta Psikologiako graduak aurkeztuko dira, baita bi titulazio berri hauek ere: Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua (JFKZ) eta JFKZko eta Fisioterapiako Gradu Bikoitza.
Jardunaldien hurrengo saioa otsailaren 25ean izanen da, larunbatarekin, Iruñeko Arrosadiko campusean. 09:30ean, saio hauek izanen dira: Zientzien arlokoak (Bioteknologia, Zientziak, Datuen Zientzia, Datuen Zientziako eta EAZko Gradu Bikoitza eta Datuen Zientziako eta Bioteknologiako Gradu Bikoitza) eta Giza eta Gizarte Zientzien arlokoak (Historia eta Ondarea, Gizarte Lana eta Soziologia Aplikatua). Egun horretako azken saioak 12:00etan izanen dira, hauei buruzkoak: Hezkuntza (Haur Hezkuntzako Irakasletza, Lehen Hezkuntzako Irakasletza eta Haur Hezkuntzako Irakasletzako eta Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Gradu Bikoitza) eta Nekazaritzako Elikagaiak (Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza, Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntza eta Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako eta Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako Gradu Bikoitza).
Unibertsitatea Erakusteko Egunen azken saioa Tuteran eginen da, hurrengo larunbatean, hau da, martxoaren 4an. Erriberako hiriburuko campusak (Tarazonako etorbidea, z.g.) titulazio hauek ezagutu nahi dituzten pertsonak hartuko ditu: Diseinu Mekanikoko Ingeniaritza, 10:00etan, eta Fisioterapia, JFKZ eta JFKZko eta Fisioterapiako Gradu Bikoitza, 11:30ean.
Graduen eskaintzari buruzko informazio guztia jasotzeko, jo Unibertsitatearen webgunera.