Rosa Ana Pérez Herrera Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ingeniaritza Elektroniko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko irakaslea da 2023ko Women in Optics Planner (Emakumeak Optikan) nazioarteko sailkapenean dagoen Espainiako bi ikertzaileetako bat. Sailkapen hori Optikaren eta Fotonikaren Nazioarteko Elkarteak osatzen du (SPIE, ingelesezko sigletan). Ikertzaile hori NUPeko Smart Cities Institutuari atxikia dago (ISC).
SPIEk berak azaldu duenez, Emakumeak Optikan urteroko programak “beren lanaren eta zientziari, optikari eta ingeniaritzari egindako bestelako ekarpenen bidez nabarmentzen ari diren emakumeen lana azpimarratzen du”. Aurtengo edizioak industria horretako emakume zientzialari, ingeniari, ikertzaile eta liderren istorioak biltzen ditu”. NUPeko irakaslearekin batera sailkapen horretan agertzen den Espainiako beste ikertzailea Laura M. Lechuga da, Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusikoa (CSIC).
Rosa Ana Pérez irakasleak sailkapen horretan ageri den erreseinan dioenez, bere lanean nagusiki bi arlo lantzen ditu: batetik, irakasle aritzen da optikarekin eta fotonikarekin lotutako irakasgaietan, eta, bestetik, ikerkuntzan aritzen da zenbait parametro neurtzeko –hala nola tenperatura edo presioa– zuntz optikoaren eta neurketa-sistema optikoen arloan. Dioenez, hau izan zen ikertzaile izateko prestakuntza egiten ari zen bitartean jasotako aholkurik baliotsuena: “ez entzunarena egitea helburuak ez nituela lortuko esaten zidaten horiei”.
Rosa Ana Pérez Herreraren CV laburra
Rosa Ana Pérez Herrerak Telekomunikazioko Ingeniaritzako titulua eskuratu zuen Kantabriako Unibertsitatean (2004), eta doktoretza NUPen, Europako doktoretzako aipamenarekin (2010). Tesi horri 2009-2010 ikasturteko Ingeniaritzako eta Teknologiako Doktoretzako Sari Berezia eman zion Nafarroako Unibertsitate Publikoak.
Ikerkuntza-arloan, nagusiki anplifikazio optikoa erabiliz sentsoreen uhin-luzeraren multiplexaziorako sistemak diseinatzen eta ezaugarritzen aritzen da. 100 argitalpen baino gehiago ditu eginak aldizkarietan eta kongresuetan, estatuan eta nazioartean, eta guztiak daude bere ikerketa-arloarekin lotuta. Horretaz gain, zuntz optikozko laserrak sentsoreen arloan aplikatzeari buruzko nazioarteko kongresu batzuetara gonbidatu izan dute hizlari moduan, baita zuntz optikozko sentsoreen sistema sendoei buruzkoetara ere.
Doktoretza amaitu aurretik eta ondoren hainbat ikerketa-egonaldi egin zituen, hala nola INESC Optoelektronikako eta Sistema Elektronikoetako Unitatean (Portugal, 2007, 2008, 2011, 2019, 2022), City University of Londonen (Erresuma Batua, 2008), Parmako Unibertsitateko Informazioaren Ingeniaritzako Sailean (Italia, 2010) edo Kantabriako Unibertsitateko Ingeniaritza Fotonikoko Taldean (Espainia, 2009an eta 2014tik 2021ra).
2007tik gaur egun arte ikerkuntza eta irakaskuntza konbinatu ditu, eta 2022ko ekainetik irakasle titularra da. Denbora horretan zehar, besteak beste komunikazio optikoekin, zuntz optikoekin, sare kableatuekin eta komunikazioetako edo elektronikako proiektuekin lotutako irakasgaiak eman ditu.