Diego Rivera Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Portaera Zientzien Metodologiako irakasleak Psikologiako Sari Nazionala eta Neuropsikologiako Sari Nazionala jaso ditu Kolonbian duela gutxi, hurrenez hurren Kolonbiako Psikologoen Elkargo Nazionalak eta Neuropsikologiako Kolonbiako Elkarteak ematen dituztenak. Osasun Zientzien Fakultateko irakasle eta ikertzaileak berriki jaso ditu bi sariak. Psikologiako saria jasotzeko zeremonia Bogotán izan zen, Hego Amerikako herrialde horren hiriburuan, eta neuropsikologiakoa, aldiz, Medellínen.
Psikologiako Sari Nazionalak diziplina horren arloan egin den ibilbidea eta ikerketak aitortzen ditu, zenbait kategoriatan. Zehazki, NUPeko irakasleari eman dioten saria “Ikerketa zientifikoa psikologian” kategoriakoa da. Neuropsikologiako Kolonbiako Elkarteak emandako sariak arlo horretan ikertzen aritzen diren profesionalen jarduna eta lana aitortzen ditu. Psikologiaren adar horrek portaeraren eta garunaren funtzionamenduaren arteko harremana aztertzen du garunean kalteak dituzten zein klinikoki osasuntsu dauden pertsonengan.
Irakasle eta ikertzaile sarituaren CV laburra
Diego Rivera Psikologiako lizentziaduna da Hego Kolonbiako Unibertsitatean, Osasun Publikoko masterduna Kolonbiako Unibertsitate Nazionalean, Psikologiako doktorea Deustuko Unibertsitatean, eta, gaur egun, Bioestatistikako Masterra ikasten ari da Valentziako Unibertsitatean. Aldizkari indexatuetan 60 artikulu ditu argitaratuak, 3 liburutan jardun da editore, eta Latinoamerikan eta Europan argitaratu diren hainbat liburutako 34 kapitulutan izan da egilekide. Bere lana 120 konferentziatan aurkeztu du, Europan, Estatu Batuetan, Asian eta Latinoamerikan.
Nazioarteko ikerketa ugari koordinatu ditu Europan, Estatu Batuetan eta Latinoamerikan. Horien artean, 2013an eta 2017an azterlan multizentriko bat egin zuen, non 30 hiritako (Espainiakoak eta Latinoamerikako 12 herrialdetakoak) 12.000 pertsonak parte hartu baitzuten. Horretan, haurretan eta helduetan normalean erabiltzen diren 13 proba neuropsikologiko egiteko datu normatiboak gaztelaniaz eman ziren. “Lehen, gaztelaniazko datu normatiborik ez zegoenez, ingelesezko arauak erabiltzen ziren, nahiz eta hizkuntzaren eta kulturaren eragina agerikoa den test baten eraginkortasunean”, azaldu du Diego Riverak.
Irakaskuntzari dagokionez, irakaslea osotara 83 konferentziatara gonbidatu dute Europako, Estatu Batuetako eta Latinoamerikako unibertsitate batzuek. Graduondoko ikasketetan (masterreko eta doktoretzako programetan) eskolak eman izan ditu Espainian eta Latinoamerikan. Duela gutxi jaso dituen bi sariez gain, Diego Riverari zenbait aitorpen egin dizkiote estatuko eta nazioarteko erakundeek (Kolonbiakoek, Estatu Batuetakoek eta Espainiakoek), psikologiaren arloan egin duen lanagatik.