Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) 25 ikaslek Nazioarteko Lankidetzako eta Garapeneko ikastaroa egin dute udazkeneko seihilekoan, zeinean GKE-ek eta erakunde akademikoko irakasleek behar diren gaitasunen inguruko prestakuntza eman baitiete garapeneko esku-hartzeetan modu aktiboan parte har dezaten. Izan ere, izena emandako gehienek garapenerako lankidetza unibertsitariora bideratutako Prestakuntza Solidarioko Programan hartuko dute parte heldu den ikasturtean. Programa horrek hogeita hamar bat postu eskaintzen ditu ikasturte bakoitzean praktikaldi bat nahiz gradu edo master amaierako lana Latinoamerikako eta Afrikako herrialderen batean egiteko, NUPek eta destinoko herrialdeko goi-mailako irakaskuntza-erakunde batek koordinatuta eta haien tutoretzapean, ikasketen aitorpen akademikoarekin. Seguraski udaberriko seihilekoan ikastaro horren beste edizio bat eginen da, 32 ordukoa eta 3 ECTS kreditukoa, otsailaren 4tik martxoaren 25era, hain zuzen ere.
Ikastaroko zenbait ikasle, eta, haiekin, Alicia Chicharro Lázaro (2.a eskuinetik hasita) eta bi irakasle: Raúl Ecay Torres Nafarroako Gurutze Gorriko kidea (1.a eskuinetik hasita), eta Javier Liras Churío REAS Nafarroako idazkari teknikoa (1.a ezkerretik hasita).
Nazioarteko Lankidetzako eta Garapeneko ikastaroak, Alicia Chicharro Lázaro Zuzenbide Saileko irakasle eta Nazioartekotzeko eta Lankidetzako Errektoreordetzako Nazioartekotzearen eta Lankidetzaren Arloko zuzendariak gidatutakoak, metodologia erabat praktikoa aplikatzen du ikasleei askotariko testuinguru eta arazo sozialei buruzko gogoeta eginarazteko, modu horretan hainbat gaitasun gara ditzaten, hala nola ikuspegi globala eta kulturartekoa, erantzukizun soziala, arazoen konponbidea, pentsamendu kritikoa edo espiritu ekintzailea. Prestakuntza horretan, hainbat erakundek eta pertsonak lankidetzaren, ekonomia sozial eta solidarioaren, hezkuntza inklusiboaren, udal kudeaketa parte-hartzailearen eta kontsumo arduratsuaren esparruan gauzatutako proiektuen eta ekimenen esperientziak partekatzen dira.
Ikastaroaren edukiak bost multzotan banatu dira: munduko egoera eta giza garapen jasangarria (2030 Agenda, globalizazioa, migrazioak...), garapenerako lankidetza, garapen jasangarria (klima-aldaketa, ingurumeneko erronkak...), ekonomia soziala eta solidarioa eta, azkenik, nazioarteko elkartasuna. Zenbait erakundetako adituek hartu dute parte, esaterako Alboan, Mugarik Gabe, Intermon Oxfam eta Gurutze Gorria elkarteetakoek, baita NUPeko irakasleek ere.
Prestakuntza Solidarioko Programa
Ikastaro hori derrigorrezkoa da Prestakuntza Solidarioko Programa egiten duten ikasleentzat. NUPen ekimen propioa da, garapenerako lankidetza unibertsitarioaren barnekoa, eta Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak ere finantzatzen du. Programa horren helburua Unibertsitateko komunitatearen elkartasuna eta garapenerako lankidetzaren balioak indartzea da, baita nazioarteko lankidetzaren arloan lanbide heziketa praktikoa eskaintzea ere.
Ikasleek hiru eta sei hilabete bitarte emanen dituzte destinoko herrialdeetan. Proiektuak gauzatuko diren herrialdeetako unibertsitateekin, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeekin eta nazioarteko beste lankidetza-agentzia batzuekin lankidetzan eginen da programa. Ikasleek bidaia-gastuetarako laguntza bat izanen dute, baita gaixotasunak erabat barne hartzen dituen aseguru bat ere, eta ostatu eta mantenu gastuetarako dirulaguntza bat jasoko dute hilero.
Hogei urte baino gehiagoko historia duen programa honen bidez, bestalde, destinoko erakundeetako irakasle eta teknikariak NUPera etortzen ahal dira. Denbora horretan guztian, ia 500 pertsonak hartu dute parte programan, eta Espainiako unibertsitateetan horrelako ekimenen erreferente bihurtu da.