Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak gazteen osasun mentalaren aldeko aliantza bat sustatu dute Foru Erkidegoan, bi erakundeek biztanleriaren sektore horren ongizate emozionala sustatzeko bultzatzen dituzten ekintzetan laguntzeko helburuarekin. NUPen, ekimen hau programa zabalago baten parte da, zeinak “Hezi ongizate emozionalean” izena baitu eta ongizate emozionaleko gaitasunetan eta modu integralean trebatuko baititu ikasleak. Programa hori “la Caixa” Fundazioak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak sustatutako Innova Social programaren azken edizioan izan da hautatua.
Osasun mentalaren aldeko sarearen lehenbiziko lan-bilera NUPeko Arrosadiko campusean izan zen, eta, bertan, bi erakundeetako ordezkariek gazteen ongizate emozionala sustatzeko gauzatzen dituzten ekintzen berri eman zioten elkarri. Zehazki, erakunde akademikoak zenbait programa lantzen ditu arlo horretan: osasuna sustatzeko zeharkako gaitasunen prestakuntza, Gela Osasungarria izeneko espazioan garatzen diren prestakuntzako eta sentsibilizazioko jarduerak, arreta psikosozialeko zerbitzua eta baita prebentzio programak ere, hala nola lehen aipatutako “Hezi ongizate emozionalean” delakoa. Gainera, NUPen kasuan, Osasun Zientzien Fakultateko Psikologiaren arloko irakasle eta ikertzaileen lanaz gainera, Gizarte Ekintzarako Unitateko eta Laguntza Psikologikoko Unitateko profesionalena gehitu behar zaio.
Bestalde, Nafarroako Gazteriaren Institutuak gazteen ongizate emozionalarekin lotutako zenbait alderdi jorratzen ditu modu transbertsalean, eta horregatik ari da elkarlanean NUPekin. Hala, 2021ean, “Gazteria, osasun mentala eta ongizate emozionala” izeneko azterlan monografikoa argitaratu zuen, eta, hartatik abiatuta, gazteak protagonista dituzten hainbat ekintza bideratu dira. Horietako bat Gazteen Osasun Mahaia da, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin batera sustatutako ekimena; hausnarketarako, eztabaidarako eta proposamenak egiteko gune partekatu bat da, non gazteek parte hartzen baitute gazteriaren eta osasunaren arloekin lotutako hamahiru erakunde ordezkatuz. Ongizate emozionalari buruzko ondorioak manifestu gisa aurkeztu zituzten, Nafarroako JO! Gazteria Jardunaldien azken edizioan. Gazteek ongizate emozionalari dagokionez egindako hausnarketen eta aldarrikapenen garrantzia azpimarratzen du manifestuak. Hausnarketa eta aldarrikapen horiek zazpi ardatz dituzte oinarri, hala nola testuinguru pertsonala eta baliabideen eskuragarritasuna, baita ondoez emozionalentzako arreta ere. Halaber, profesionalentzako prestakuntza aldarrikatzen du manifestuak, baita emozioen kudeaketari buruzko hezkuntza jaso beharra ere. Azkenik, garrantzia ematen die prebentzioaren balioari eta sentsibilizatzeko premiari, kaltetuei ahotsa emanez eta gazteen beharrak erakutsiz.
Era berean, Nafarroako Gazteriaren Institutuak bultzaturik, Gazteentzako Informazio Zerbitzuen Sareak Nafarroa osoan banatuta dituen 29 informazio bulego eta gazteguneren bidez, informazioa eta aholkuak eskaintzen ditu, baita osasun mentalarekin eta ongizate emozionalarekin lotutako baliabide publikoak zabaldu ere. Gainera, gai horri lotutako prestakuntza ematen die hezkuntza ez-formalaren eta aisialdi hezitzailearen esparruan gazteekin lan egiten duten profesionalei, gazteek ongizate emozionalaren arloan parte hartzeko eta inplikatzeko espazioak sortzearren, ongizate emozionalak bizi-ohituretan duen garrantzia ikusarazteko helburuz.
Gazteen ongizate emozionalaren eta psikosozialaren alde
Osasun mentalaren aldeko sare hau NUPek bai gazteen ongizate emozionala eta psikosoziala eta bai prebentziora bideratutako topaketa sustatzeko egindako ekintzetako bat da. Besteak beste, kudeaketa emozionalerako eta tratu onerako tresnak eskaintzeaz arduratzen da, “Hezi ongizate emozionalean” izeneko programaren barnean. Erakunde akademikoko ikasleek ongizate emozionaleko gaitasunak eskura ditzaten sustatzea da ekimenaren helburua. Horretarako, prestakuntza pilotu bat diseinatu dute, eta NUPeko gradu guztietako 2. ikasmailan emanen da.
Adin honetako jendearekin lan egiten eskarmentua duten psikologiaren profesionalek emanen dute prestakuntza, udaberriko seihilekoan. Estrategia horren esparruan, aurreikusia dago jardueraren bat ikasgeletatik kanpo ere egitea, emozioak artetik eta kulturatik abiatuta lantzeko.
Innova Social NUPen proiektua aukeratu duen programa da, eta Innova Programaren esparru soziala lantzen du. Nafarroako Kutxa Fundazioak eta “la Caixa” Fundazioak sustatzen dute. Nafarroako gizarte ehuna sendotzera dago bideratua, eta, horretarako, haren hazkundea, berrikuntza, eraginkortasuna eta produktibitatea bultzatzen ditu, Nafarroako Foru Komunitatearen garapen sozial eta ekonomikoaren mesedetan eta Nazio Batuen 2030 Agendaren ildoari jarraikiz.