Alejandro Torres Gutiérrez Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Konstituzio Zuzenbideko katedradunak liburu berri bat koordinatu du, konponbideak eta proposamenak eskaini nahi dituena Espainian Estatuarekiko lankidetza-akordiorik gabeko konfesio erlijiosoen estatutu juridikoa hobetzeko, hala nola Azken Egunetako Santuen Jesu Kristoren Elizarena, Jehovaren Testigu Kristauena, Erakunde Budisten Federazioarena eta Eliza Ortodoxoarena. Lanak, halaber, Estatuaren eta konfesio erlijiosoen arteko egungo harreman-sistema birdefinitzea planteatzen du –bakarrik horietako batzuekiko akordioen eredu batean dago oinarritua–, baita zuzenbide erkideko beste eredu batekin ordezkatzea ere, zeinaren oinarria “Kontzientzia Askatasunaren Lege Organiko sendo bat” izanen baita, “objektiboki neutralagoa eta bidezkoagoa izanen litzatekeen eredu bat definituko lukeena eta konfesio guztiei berdin aplikatuko litzaiekeena”. Horrekin batera, lege-erreforma batzuk egin beharko lirateke, “horietako batzuk geroraezinak”, hala nola kultu-lekuen ondasun higiezinen gaineko zergaren arloko fiskalitatearen esparruan, edo dohaintzen kengarritasunari dagokionez.
Alejandro Torres katedraduna, koordinatzaile gisa argitaratutako liburu zuriarekin, Arrosadiko campusean.
Liburuak, “Libro blanco sobre el estatuto jurídico de las confesiones religiosas sin acuerdo de cooperación en España” izenekoak, zortzi unibertsitatetako dozena bat irakasleren ekarpenak biltzen ditu (Madrilgo Carlos III Unibertsitatea, Leongoa, Loiola Andaluzia Unibertsitatea, EHU, NUP, Rey Juan Carlos, Valentziakoa eta Valladolidekoa), eta doan irakurtzen ahal da Interneten. Tirant lo Blanch argitaletxeak editatu du monografia, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatu dute; azken horren kasuan, Alejandro Torresek berak eta Óscar Celador Angón Carlos III Unibertsitateko katedradunak koordinatutako ikerketa-proiektu baten barnean.
Ordenamendu juridikoaren akatsa
“1978ko Konstituzioa indarrean sartzea aurrerapauso garrantzitsua izan zen Espainian kontzientzia-askatasunerako eskubidea erabat aitortzeko eta erlijioaren fenomenoari dagokionez Estatuaren neutraltasun-kuota handiagoak lortzeko bidean, –adierazi du Alejandro Torres NUPeko I-COMMUNITAS institutuko ikertzaileak–. Alabaina, oraindik ere asko dago hobetzeko gure ordenamenduan, ideologia- eta erlijio-askatasunaren oinarrizko eskubidea arautzeko orduan. Gaur egungo ereduak akats handi bat du, argi ikusten baita konfesio erlijiosoek erregimen desberdinak dituztela Estatuarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzea lortu izanaren edo ez izanaren arabera”.
Alejandro Torresen iritziz, “Egoitza Santuarekin egindako akordioen ondorioz Eliza Katolikoari emandako eskubideen erregimena, zenbait alderditan, askoz onuragarriagoa da 1992an Erlijio Erakunde Ebanjelikoen Federazioarekin, Espainiako Komunitate Israeliten Federazioarekin eta Espainiako Batzorde Islamikoarekin egindako akordioena baino”. Hori agerian gelditzen da, esaterako, arlo ekonomikoan; izan ere, “Eliza Katolikoak beste inork ez du sarbiderik gaur egun PFEZaren zerga-esleipenera”.
Lau konfesiok sinatu dute akordioa Estatuarekin, baina badira akordiorik ez dutenak ere. Eta, horien artean, badira aldeak: batzuek sustraitze nabarmenaren errekonozimendua eskuratu dute, hala nola Azken Egunetako Santuen Jesu Kristoren Elizak (2003), Jehovaren Testigu Kristauek (2006), Espainiako Erakunde Budisten Federazioak (2007) eta Eliza Ortodoxoak (2010), eta beste batzuek ez dute halako aitorpen administratiborik. Horren adibide dira Zientziologiaren Eliza, Bahá 'í fedea, Ahmadia komunitatea, Taoismoa, Espainiako Hindu Federazioa eta Sijismoa.
Obra honen bidez –Inés Mazarrasa Steinkuhler Pluralismo eta Bizikidetza Fundazioko zuzendariak egin dio hitzaurrea–, egileek konponbideak eta proposamenak eskaini nahi dituzte etorkizunean izan daitekeen lege-erreforma baten aurrean, hainbat arlotan: erlijioaren irakaskuntza ikastetxeetan, ezkontza erlijiosoaren aitortza, kontzientzia-eragozpenak, hirigintza-araubidea eta hilerriena eta hileta-errituen, emakumearen posizioa, gorrotoaren eta intolerantziaren diskurtsoaren aurreko babesa, konfesio erlijiosoei aplikatu beharreko ekonomia- eta zerga-araubidea edo kultu-ministroen gizarte-segurantza.
“Gai zehatzetan eta ordenamendu juridikoa eta errealitate soziala hobetuko dituzten konponbide eraginkorrak ematen lagundu dezaketen proposamenen bilaketan oinarritutako lan praktiko bat egin nahi izan dugu”, erantsi du Alejandro Torresek.