Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Iñigo Herrero Vidaurre Ingeniaritza Biomedikoko egresatua eta Juan Gangoiti Cenoz Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzako masterduna irabazle izan dira NUPek eta Nafarroako Rural Kutxak antolatu duten Ekintzailetza Proiektuak dituzten Ikasketa Amaierako Lanen Sarien VI. edizioan. Bi sariak 1.000 eurokoak dira, eta eskudirutan ordainduko zaizkie.

Iñigo Herrero graduen kategoriako irabazlea da, eta haren lanak “Modulaciones de sincronía de fases en niños prematuros” du izenburu. Juan Gangoitik, berriz, masterreko kategorian irabazi du, “Rediseño de un envase destinado al uso alimentario, estudio de su proceso de fabricación y reciclabilidad” lanarekin. Lehenbiziko kasuan, epaimahaiak positiboki baloratu du lanak “osasunaren arloan duen aplikagarritasun maila handia”, “berrikuntza-maila” eta “ahalmena”, eta, bigarrenean, berriz, “dauden beste irtenbide batzuekin alderatuta proposamenak duen berrikuntza- eta garapen-maila eta merkatuari eta bezeroari begirako ikuspegi argia”.

zoom Emprendimiento

Finalistak, epaimahaia eta Nafarroako Rural Kutxako eta NUPeko ordezkariak. Goiko lerroan, ezkerretik eskuinera: Iosune Pascual (NUP Fundazioa), Gonzalo Soto (Nafarroako Rural Kutxa), Cristina Bayona (NUPeko errektoreordea), Lucía Nieto (CEIN) eta Javier Esparza (Nafarroako Rural Kutxa). Beheko lerroan, ezkerretik eskuinera: José Javier Roldán (graduko bigarren saria), Iñigo Herrero (graduko irabazlea), Aimar Yeregui (masterreko bigarren saria), Evelyn Dayanara Vanegas eta Nekane Garciriain (finalistak) eta Juan Gangoiti (masterreko irabazlea).

Horiez gain, bigarren sari bat eman da kategoria bakoitzean, 500 eurokoa. Graduaren kasuan, José Javier Roldán Babiano izan da ikasle saritua (Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradua), “Sistema HUD para el visionado de la velocidad desde el casco en motocicletas” lanagatik. Masterrean, berriz, Aimar Yeregui Bacaicoa hautatu dute (Ingeniaritza Biomedikoko Masterra), “Diseño y desarrollo de plantillas sensorizadas. Aplicación en la detección del freezing en pacientes con párkinson” lanagatik. “Egingarria eta merkatuari begirakoa izateagatik proposamenak duen aplikagarritasun maila altua” baloratu du epaimahaiak lehenbiziko kasuan, eta, bigarrenean, berriz, “identifikatutako bezeroen segmentuetan aplikatzeko eta transferitzeko duen ahalmen handia”.

Irabazleez gain, ikasle hauek izan ziren finalista: Nekane Garciriain Gil (Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Gradua) eta Evelyn Dayanara Vanegas Tenezaca (Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako Gradua).

Saritutako lanen eta sarien epaimahaiaren xehetasunak

Iñigo Herrerok, ume goiztiarren heriotza-tasa txikiagotu nahian, haien bilakaera neuronala ikertu du bere gradu amaierako lanean, osasunaren arloko profesionalei laguntza emateko xedez. Bestalde, Juan Gangoitik elikadura-osagarriak gordetzeko ontzi bat diseinatu du, eta, horretarako, lehengaiak, fabrikazio prozesua eta ontziaren merkaturatzeari eragiten ahal dioten legeak aztertu ditu. Emaitza gisa, erabat birziklagarria eta berrerabilgarria den ontzi bat diseinatu du.  

Bigarren sariei dagokienez, José Javier Roldánek, bere gradu amaierako lanean, motor-gidarientzako gailu bat garatu eta probatu du, une oro zer abiaduratan doazen jakiteko aukera izan dezaten begirada errepidetik alderatu beharrik gabe abiadura-neurgailuari begiratzeko. Masterrean, Aimar Yereguik sentsoredun barne-zola batzuk diseinatu ditu bere lanean, parkinsona duten pazienteek “freezinga” noiz duten detektatzen dutenak. “Freezinga” sistema motorraren nahasmendu puntual bat da, eta, hori gertatzen zaienean, pazienteek oinak “lurrean itsatsita” dituztela sentitzen dute, eta, ondorioz, erori egiten dira. Diseinatu dituen barne-zolek egoera hori prebenitzen laguntzen dute.

Sarien epaimahaia honako hauek osatu zuten: Cristina Bayona Sáez, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea, epaimahaiburu aritu zena; Gonzalo Soto Escudero, Nafarroako Rural Kutxak ekintzaileentzat duen Inicia lerroaren arduraduna; Iosune Pascual Azcárate, Unibertsitate - Gizarte Fundazioko zuzendari kudeatzailea; Laura Sandúa, Gizarte Kontseiluko kidea; eta Lucía Nieto Sádaba, Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europar Zentrokoa (CEIN). 

Sari horien helburua unibertsitateko ikasleen ekintzailetzako jardueren hainbat alderdi aitortzea da, hain zuzen ere enpresa-proiektu bat sortzera bideratuak dauden, produktu edo zerbitzu berritzaile, sortzaile edo teknologikoen proposamenak dituzten edo teknologiaren edo ezagutzaren transferentzia eragin dezaketen ikasketa amaierako lanak egin dituztenena.

NUPen eta Nafarroako Rural Kutxaren arteko lankidetza ekintzailetzaren arloan

NUPek eta Nafarroako Rural Kutxak lankidetza-hitzarmen bat dute sinatua, unibertsitateko komunitateko kide guztien ekintzailetza bultzatzeko eta sustatzeko jarduerak finantzatzea xede duena. Hala, Nafarroako Rural Kutxak laguntza ematen du NUPeko “spin off” enpresa gisa aitortutako oinarri teknologikoko enpresak sortzeko, ekintzailetza-proiektuekin zerikusia duten ikasketa amaierako lanak saritzeko deialdietan parte hartzen du, eta ekintzailetzari buruzko ikerketak eta zabalkunde jarduerak bultzatzen ditu. Horretaz gainera, Berrikuntzako eta Ekintzailetzako Unibertsitateko Aditua izeneko titulu berekia elkarrekin finantzatzen du NUPekin batera, NUP Fundazioaren bidez irakasten den titulua alegia.