Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Eneko Sanz Izal (Nekazaritzako Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra) eta Laura Panero Vital (Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Gradua) tituludunek lehen eta bigarren sariak lortu dituzte, hurrenez hurren, NUPen AN Taldearen Katedrak nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta kooperatibismoaren arloetako Ikasketa Amaierako Lan onenei ematen dizkien sarietan.
Eneko Sanzek irabazi du Master Amaierako Lan (MAL) onenaren saria, 2.000 eurokoa, “Implantación de un sistema de codificación interna en el almacén de productos fitosanitarios del Grupo AN en Tafalla” izeneko lanarekin. Laura Panerok 1.000 euroko saria irabazi du bere Gradu Amaierako Lan honengatik (GAL): “Cálculo de la huella de carbono de una explotación agrícola: conversión del sistema de producción convencional al ecológico”.
Hauek izan dira lehiaketaren beste hiru finalistak: Alexandra María Tomlinson Garro, “Ciclo de vida y modelo de éxito de cooperativas agrícolas: tres casos prácticos” lanagatik; Isabel Iriso Soria, “Optimización de nutrición nitrogenada en hortícolas de hoja crecidas en sistema de hidroponía pura NGS: ajustes e la nutrición mineral a lo largo del ciclo de producción” lanagatik; eta Josu Encinas Ularte, “Corazón pardo en pera conferencia, estudio de la relación entre condiciones de campo y manejo con la aparición del desorden en postcosecha” lanagatik.
Saritutako lanen eta sariaren epaimahaiaren xehetasunak
Bere lanean, Eneko Sanzek zera azaltzen du, Tafallako AN Taldearen produktu fitosanitarioen biltegian barne kodifikazio sistema bat ezartzeak produktuen trazabilitatea eta stockaren kontrola hobetzen ahal duela, denbora aurrezteaz eta eragiketetan erroreak gutxitzeaz gain. “Horrek guztiak langileen bizi kalitatea hobetzea dakar, eta, horrez gain, AN Taldeak bazkide dituen kooperatibei eskaintzen dien zerbitzua hobetzea ere bai”, ondorioztatu du saritutako ikerketaren egileak.
Laura Panerok, berriz, karbono aztarna kalkulatzeari buruzko lanean, adibide gisa Nafarroako baratze-ustiategi baten bi urtetako datuak hartu ditu, 2019koak eta 2020koak, ustiategia ekoizpen sistema konbentzionaletik ekologikora igarotzen ari zen garaikoak. “Ustiategi baten karbono aztarna erabaki diren helburu teknikoen arabera nabarmen aldatzen bada ere, egiaztatu da faktorerik garrantzitsuenak labore mota eta horien azalera direla”, ondorioztatu du sarituak.
Sarituak, finalistak eta epaimahaikideak. Ezkerretik eskuinera, goiko lerroan: Carlos Valencia, Maite Muruzabal, Francisco Arrarás, Ramo Barrena (epaimahaikideak denak) eta Silvia Ros (AN Taldearen Katedraren proiektu laguntzailea). Ezkerretik eskuinera, beheko lerroan: Josu Encinas (finalista), Laura Panero (bigarren sariduna), Isabel Iriso (finalista) eta Eneko Sanz (lehenengo sariaren irabazlea).
Hauek izan ziren sariaren epaimahaikideak: Francisco Arrarás AN Taldearen eta AN Taldearen Fundazioaren presidentea; Ramo Barrena AN Taldearen Katedraren zuzendari eta NUPeko Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko (NIBGMET) zuzendaria; Maite Muruzabal AN Taldearen Fundazioaren zuzendari eta AN Katedraren Batzorde Mistoko kidea; eta Carlos Valencia AN Taldearen hornidura arloko zuzendari eta Batzorde Mistoko kidea.
NUPen AN Taldearen Katedra
Nafarroako Unibertsitate Publikoko AN Taldearen Katedraren helburua da ezagutza sortzea Ingeniaritza eta Teknologiaren, Oinarrizko Zientzien eta Osasun Zientzien, Zientzia Ekonomikoen eta Juridikoen, eta Gizarte Zientzien arloetan. Horretarako, AN Kooperatiba Taldearen Fundazioak finantzatutako katedra horrek ekintzak egiten ditu nekazaritzaren, nekazaritzako industriaren eta nekazaritzako kooperatibismoaren arloko ikerketak eta jarduerak bultzatzeko, garatzeko eta babesteko.