Nafarroako Bioteknologoen Elkartea (NavBiotec) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikasleen elkarte bat da, eta Bioteknologiari buruzko Espainiako Federazioarekin (FEBiotec) eta Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europar Zentroarekin (CEIN) lankidetzan, BioNorth kongresuaren 7. edizioa antolatu du. Topaketa hori urtero egiten da, Espainiako iparraldeko Bioteknologiako ikasleak biltzeko, eta haren kolaboratzaile da NUP. 150 bat lagun bilduko ditu, bai ikasleak eta bai gazte profesionalak, Nafarroako Kutxa Fundazioaren kultur etxean, Civicanen, zenbait gairi buruzko hitzaldi zientifikoak entzuteko, hala nola medikuntza birsortzaileari, “biohacking” delakoari eta neurozientzia konputazionalari buruzkoak, bai eta zenbait solasaldi ere, sektore horretako enpresak nola sortu edo produktu biotekonologikoak nola merkaturatu aztergai izanen dutenak. Kongresu hori Foru Komunitateak sektore horretan duen ahalmena ezagutzera emateko aukera bat da.
“Nafarroa intentsitate enpresarial bioteknologiko altuena duen autonomia-erkidegoa da Espainian; izan ere, 1,16 konpainia ditu 1.000 enpresako. Euskal Autonomia Erkidegoa da hurrengoa, 0,8 konpainiarekin, eta gero Katalunia, 0,64rekin —adierazi du Álex Pascual Cidek, NavBioteceko lehendakari eta Bioteknologiako graduatu berriak (NUP), zeina Medikuntza Berritzaileko Unibertsitate Masterra egiten hasi baita Groningako Unibertsitatean (Herbehereak)—. Hori dela-eta, kongresuaren helburua da Foru Komunitateak duen ahalmen bioteknologikoa aurkeztea Nafarroatik nahiz Galiziatik, Asturiastik, Gaztela eta Leondik, Euskal Autonomia Erkidegotik, Aragoitik eta Kataluniatik etorriko diren ikasleei eta gazte profesionalei”.
Gaurko bioteknologia eta etorkizunean izanen duen eragina
NavBioteceko arduradun gorenaren hitzetan, “gaur egun Foru Komunitatean garatzen ari diren berrikuntza bioteknologikoko arlo estrategikoak eta arlo horiek Nafarroako etorkizuneko gizartean izanen duten eragina” izanen dira kongresuko hitzaldien aztergaiak. “Hitzaldi guztiek ikuspegi dibulgatiboa izanen dute, eta oreka mantenduko dugu hitzaldi akademikoen eta enpresarialen artean. Ikertzaile gailenak gonbidatu ditugu, bai eta Nafarroako enpresa bioteknologiko handiak eta ahalmen berritzaile nabarmena duten start-up berriak ere”, esan du Álex Pascualek.
Hizlarien artean, NUPeko zenbait ikertzaile daude, besteak beste Javier Blázquez Ruiz (Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Asistentziaren Etikako Batzordeko burua), Humberto Bustince Sola (ISC Smart Cities Institutuko Adimen Artifizialeko eta Arrazoinamendu Hurbilduko ikerketa-taldearen arduraduna), Esther González García (NUPeko Biologia Sintetikoaren Katedrako zuzendaria), Iñigo Lasa Uzcudun (Navarrabiomedeko lehenagoko zuzendaria), Carlos López Molina (NIBGMET Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendariorde eta bertako Datuen Zientziako Graduaren arduraduna) eta Gerardo Pisabarro de Lucas (IMAB Biologia Aplikatuko Diziplina Anitzeko Ikerketarako Institutuko zuzendaria).
Kongresuaren antolatzaileak eta babesleak
Kongresuaren antolaketan, Nafarroako Bioteknologoen Elkarteko (NavBiotec) kide hauek hartu dute parte: Álex Pascual Cid (lehendakaria), Javier Coque Rubio (lehendakariordea), Mario Santafé Méndez (idazkaria), Itziar Toquero Iriarte (diruzaina eta Telekomunikazio Ingeniaritzako eta Ingeniaritza Biomedikoko Gradu Bikoitzeko ikaslea), Daniel Palacios Alonso (idazkariordea eta Bioteknologiako graduduna), Hugo Salas Pedroarena (Prestakuntzaren eta Enpleguaren arloko kidea eta Bioteknologiako graduduna), Irene Gil Lobo (Komunikazioaren eta Dibulgazioaren arloko kidea eta Bioteknologiako ikaslea), Alba Jordán Álvarez (Komunikazioaren eta Dibulgazioaren arloko kideordea eta Bioteknologiako ikaslea), Miguel Gómez Borobia (Finantzaketaren arloko kidea eta Bioteknologiako ikaslea), Maialen Crespo Rodríguez (Prestakuntzaren arloko kideordea eta Bioteknologiako ikaslea), Idoia Artoleta Arrizabalaga (Enpleguaren arloko kideordea eta Bioteknologiako graduduna) eta Javier Zabalegui Bayona (bazkide boluntarioa eta Bioteknologiako ikaslea).
Honako hauek babestu dute kongresua: Azierta Bioventures, European Biotech Venture Builder, Nafarroako Berrikuntza Sozialeko Unitatea, Nafarroako Kutxa Fundazioa, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua.