Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), “Zientzia, Diplomazia eta Gerra Hotza Francoren Espainian” argazki erakusketa ikusten ahalko da azaroaren 17ra arte. Ikerketa-emaitzak dibulgatzeko eta transferitzeko proiektu baten parte da erakusketa, eta Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusia (CSIC) da proiektu horren burua. NUPeko Ikasgelategia eraikineko hirugarren solairuan kokatuta dago (Arrosadiko campusa), eta Mar Rubio Varas eta Joseba de la Torre Campo katedradun eta INARBE institutuko kideak izan ditu komisario. Sarrera librea du, eta Zientzia Dibulgatzeko Laboral Kutxa Katedraren jardueren artean sartzen da, bai eta Zientziaren 2022ko Asteak NUPen izanen dituen ekimenetan ere.
Erakusketa horren testuinguruan, hurrengo azaroaren 8an, hitzaldia emanen dute erakusketaren komisarioek eta Joaquín Sevilla Moróder aipatutako katedraren arduradunak: “Itzuli da Gerra Hotza? Zientzia, teknologia eta garapen ekonomikoa”. Erakusketaren lekuan bertan eginen da, 19:30ean, eta sarrera librea izanen du. Erakusketa Valentziako Unibertsitate Politeknikoan jarri zen estreinakoz, eta, ondoren, Salamancako Unibertsitatean egona da, azkenik NUPera iritsi den arte. NUPen Nafarroako material espezifikoa gehitu zaio, eta Madrilen jartzen dutenean ere, bertakoa gehituko zaio.
Espainia frankistaren eta Estatu Batuen arteko harremanak 1950eko hamarkadan
Irudian ikus daitekeenez, Bigarren Mundu Gerraren ondoko nazioarteko isolamenduaren ondoren, erregimen frankistak, 1950eko hamarkadaz geroztik, Mendebaldeko blokean integrazio ekonomiko, politiko eta militar handiagoa bilatu zuen. Prozesu horretan, diktadurak atzerriko herrialdeen laguntza zientifiko-teknikoan ikusi zuen Espainiako hazkunde ekonomikoa sustatzeko eta herrialde garatuetara gerturatzeko palanka. Espainiak Estatu Batuetan sistema zientifikoa modernizatzeko eta “lehenengo munduko” nazioekin bat egiteko laguntza topatu zuen, baita organismo multilateraletara sarbidea errazteko ere.
Diplomazia zientifiko estatubatuarra, aldiz, haren nazioarteko prestigioa sustatzeko, metodoak eta teknologiak zabaltzeko eta Estatu Batuen aldeko komunitate zientifikoak sortzeko tresna bihurtu zen. “Gerra Hotzaren testuinguruan, koloso amerikarrak laguntza hori erabili zuen Sobietar Batasunaren aldean bere ereduaren gailentasuna erakusteko”, azaldu dute erakusketaren komisarioek. Diotenez, Espainiaren eta Estatu Batuen arteko lankidetza zientifikoa nagusiki energia nuklearraren, ikerketa aeronautiko eta espazialaren eta giza kapitalaren eraketaren arloetakoa izan zen. Prozesu horrek guztiak, erakusketan ikus daitekeenez, bere isla izan zuen Nafarroan ere.