Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) NIBGMET Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko gradu-aretoaren izena aldatu du gaur, urriak 27 (Olibondoak erakina, Iruñeko Arrosadiko campusa). Gaurtik aurrera, espazio horrek Nicolás García de los Salmones Marcano Kantabriako nekazaritzako ingeniariaren (1865-1940) izena izanen du. Nafarroan XX. mendean lanean eman zituen hogei urteetan, filoxeraren kontrako borrokan nabarmendu zen –Foru Komunitateko mahastietan bereziki azkar eta bortitz hedatu zen izurria–.
Izen aldaketa hori Baratzezaintza Zientzien Espainiako Elkarteko (SECH) Mahastizaintza Taldearen IV. Jardunaldietan gauzatu da. Jardunaldiak Iruñean egiten ari dira, atzo hasi (hilak 26, asteazkena) eta bihar arte (hilak 28, ostirala), NUPek antolatuta, SECHekin elkarlanean. Hauek izan dira ekitaldiko parte-hartzaileak: Francisco Javier Arregui San Martín, NUPeko Ikerketako errektoreordea; Ignacio Guembe Cervera, Nafarroako Gobernuaren Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Ustiategien eta Elikagaien Sustapenerako Zerbitzuko zuzendaria; Ramo Barrena Figueroa, NIBGMETeko zuzendaria; Felicidad de Herralde Travería, SECHeko Mahastizaintza Taldeko presidentea; eta Gonzaga Santesteban García, batzorde antolatzaileko buru eta NUPeko IMAB Institutuko ikertzailea. Azken horretan, “Frutagintza eta Mahastizaintza Aurreratuak” ikerketa-taldeko arduraduna da.
Ezkerretik eskuinera: Felicidad de Herralde, Ignacio Guembe, Francisco Javier Arregui, Ramo Barrena eta Gonzaga Santesteban, izena aldatu zaion gelako atearen ondoan.
“Mahastizaintza arloko Messi bat”
Ekitaldira bertaratu direnek Nicolás García de los Salmonesen biografia entzun ahal izan dute Julián Palacios Muruzábal nekazaritzako ingeniariaren eskutik, zeina Viticultura Viva enpresako zuzendari teknikoa eta mahastizaintzari buruzko La Filoxera dibulgazio programaren egileetako bat baita. Programa horren kapitulu bat, El Messi de la viticultura izenekoa, orain omendutako gizonari buruzkoa da.
Gela horretan (Olibondoak eraikineko lehen solairuan dago), NIBGMETek, izena aldatzea bultzatu zuen berak, informazio panel bat jarri du Nicolás García de los Salmonesen biografiarekin, bai eta kutxa bat ere, 1911n inprimatutako nekazaritzako ingeniari horren lan baten ale bat duena barruan: “Nekazaritza arloko eskualde lehiaketa, 1908ko irailaren 20tik 30era Iruñean egindakoa: hitzaldiak”. Lan horren beste ale bat eta egilearen beste hainbat eskuragai daude kontsultarako NUPen Arrosadiko campuseko Liburutegiko Antzinako Funtsean.
Nicolás García de los Salmones, XX. mendearen hasieran Nafarroan lan egin zuen nekazaritzako ingeniaria.
Mahastizaintzan aditua
Nicolás García de los Salmones (San Felices de Buelna, Kantabria) 1888. urtean graduatu zen Madrilgo Nekazaritza Eskola Nagusian. Urte horretan bertan, Estatuarentzat lan egiten hasi zen, eta lan handia eta eraginkorra egin zuen mahastizaintzaren arloan, eta Espainiako mahasti guztien inbentario bat ere egin zuen. 1893an, garrantzi handiko lan bat argitaratu zuen gaiari buruz, La invasión filoxérica en España y las cepas americanas, izurritearen presentziari eta hura desagerrarazteko irtenbide posibleei eskainitako monografia.
1896an, Nafarroako Mahastizaintzako eta Mahastiak Birpopulatzeko Zerbitzua sortu zenean –Diputazioko Nekazaritza Zerbitzuaren aurrekaria–, García de los Salmones jarri zuten haren buru, filoxeraz zituen ezagutzak zirela-eta. Nafarroan, izurriaren lehen fokua 1892an hauteman zen, Etxauriko haranean, eta berak hasiera-hasieratik neurri ugari hartu zituen izurriari aurre egiteko. Horretarako, Olatz Txipiko esperimentaziorako lur sailak sustatu zituen, eta amerikar mahatsondoen haztegiak ere bai, zeinak erresistenteak ziren filoxerarekiko. Halaber, aktiboki lagundu zuen Nafarroan kooperatibismoaren hastapenetan, XX. mendearen hasieran.
Horretaz gain, Nafarroako eta Euskadiko Nekazaritzaren arloko Eskualdeko Eskola Praktikoa (1908) eta Probintziako Laborategi Kimikoa (1913) jarri zituen martxan. Abeltzaintzaren, makineriaren eta nekazaritza produktuen lehiaketak antolatzea sustatu zuen, eta hitzaldi ugari eman zituen Nafarroaren luze-zabalean. 1912an, Mahastizaintzaren Espainiako Kongresu Nazionala antolatu zuen, Alfontso XIII.a erregearen zuzendaritzapean, Navas de Tolosako guduaren VII. mendeurrenaren karietara. Arrakasta handia izan zuen; Espainian eta nazioartean ospe handia zuten 39 hizlarik hartu zuten parte, eta 1.500 lagun baino gehiago bertaratu ziren. Ekitaldi horretarako, eraikin bat eraiki zuten Atarrabian, herri horretako Nekazaritzako Perituen Eskolaren aurrekaria. Gaur egun eskola hori NUPeko Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoan (NIBGMET) integratuta dago, eta Atarrabiako eraikina INTIA sozietate publikoaren egoitza da. Sektoreak pena sentitu bazuen ere, García de los Salmonesek Nafarroa utzi zuen 1917an, eta Madrilera joan zen, Estatuko Estazio Anpelografiko Nagusiaren zuzendari izateko (erakunde horrek mahatsondoak identifikatzen eta sailkatzen zituen).
Haren ikerlanek eta argitalpenek sona lortu zuten nazioartean. Txosten tekniko garrantzitsu batzuk idatzi zituen txertakei buruz, eta horiek nabarmen lagundu zuten mahastiak berrosatzen eta filoxeraren izurria behin-betiko deuseztatzen. Era berean, mahastizaintzari, kimikari eta enologiari buruzko hainbat itun editatu zituen, zeinak ezagunak baitira duten kalitateagatik.
Horretaz gain, dibulgazio zientifikoko lan andana idatzi zuen, eta kolaborazioak egin zituen aldizkari batzuetan, zenbait zientzia-topaketatan parte hartu zuen, eta aholkularitza-lanetan aritu zen mahastizaintzako gaietan. Hainbat kondekorazio jaso zituen, hala nola Espainiako Nekazaritzaren arloko Merezimenduaren Ordena Zibileko Gurutze Handia, Frantziako Nekazaritzaren arloko Merezimenduaren Komendadore kondekorazioa, Ohorezko Legioko Ofizialarena eta Italiako Koroarena. Era berean, Mahastizaintzako Nazioarteko Batzorde Iraunkorreko lehendakaria ere izan zen, prestigio handiko kargua bera. 1932an erretiratu zen, hil baino zortzi urte lehenago, 1940an hil baitzen Madrilen.