Joan eduki nagusira

Mila lagunek baino gehiagok eman dute izena Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatutako Enpleguari eta Ekintzailetzari buruzko XV. Topaketan parte hartzeko; ekitaldia gaur izanen da, urriak 26, asteazkena. NUP Fundazioaren bitartez antolatu du ekitaldia, ikasleen eta tituludunen enplegagarritasuna hobetzeko eta ekintzailetza sustatzeko. Azken horiek, ekitaldirako prestatutako jardueretan parte hartzeaz gain, egunean zehar harremanetan jartzen ahalko dira sektore publikoko zein pribatuko 70 enpresarekin baino gehiagorekin.

Topaketa Nafarroa Arena pabiloian egiten ari dira, eta gaur goizean inauguratu dute Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak, Miriam Martón Pérez Nafar Lansare - Nafarroako Enplegu Zerbitzuko (LN-NEZ) zuzendari kudeatzaileak, Iosune Pascual NUP Fundazioko zuzendari kudeatzaileak eta Ana Isabel Eguillor Ingeteam erakunde babesleko giza baliabideen zuzendariak. 

zoom Autoridades

Enpleguari eta Ekintzailetzari buruzko NUPeko XV. Topaketaren inaugurazioa. Ezkerretik eskuinera: Cristina Bayona errektoreordea; Miriam Martón Nafarroako Enplegu Zerbitzuko kudeatzailea, Ramón Gonzalo errektorea, eta Ana Isabel Eguillo Ingeteameko giza baliabideen arduraduna eta Iosune Pascual NUP Fundazioko zuzendari kudeatzailea.

Unibertsitateko errektorea, Ramón Gonzalo, pozik agertu da topaketan stand bat izan nahi zuten enpresa nafarren eskari handiagatik, hori izan baita ekitaldia aurten Nafarroa Arenara aldatzeko arrazoia. Bestalde, NUPeko egresatuen enplegagarritasun indize altua azpimarratu du berriz, Espainiako unibertsitate publikoetatik lehenbizikoa baita laneratzeari dagokionez, bai graduko ikasketetan, bai masterrekoetan, Unibertsitate Ministerioak egiten duen txostenaren arabera.

Bestalde, Iosune Pascual NUP Fundazioko kudeatzaileak enpresen eta talentu gaztearen arteko topagune horren balioa nabarmendu du, baita Fundazioak duela hogei urtetik enplegagarritasunaren eta prestakuntzaren arloan egiten duen lana ere. 

zoom Asistentes

Nafarroa Arenako topaketan bildutako jendea.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren eta Ingeteamen konpromisoa

Miriam Martónek berriz ere azpimarratu du Nafar Lansare - Nafarroako Enplegu Zerbitzuak enpresen eta gazteen arteko harremana bultzatzeko duen konpromisoa. Era berean, ikasleei dei egin die eskura jartzen zaizkien zerbitzu guztiak erabil ditzaten, orientazioa eta prestakuntza espezifikoa besteak beste, eta enpresei gonbidapena egin die ikasleen kolektiboa lan-merkatuan sartzea errazteko eskaintzen diren moduak eta laguntzak ezagut ditzaten.

Bestalde, Ana Isabel Eguillorrek honako hau nabarmendu du: “Ingeteamen, pertsonak dira gure aktiborik garrantzitsuena. Horregatik, pozik babesten dugu Enpleguari eta Ekintzailetzari buruzko Topaketa hau, tokiko talentu unibertsitarioaren balioa azpimarratzen eta indartzen duen gunea baita enpresentzat eta unibertsitateko gazteentzat”.

zoom Stands

Bertaratuak, standetan informazioa jasotzen.

Topaketaren egitaraua

Topaketan, parte-hartzaileek aukera izanen dute enpresetako langile-hautatzaileekin elkarrizketa espresak egiteko, baita hainbat jardueratan parte hartzeko ere. Horien artean, hackatoi bat izanen da osasun mentala hobetzeko ideiak garatuz lehiatzeko; joko paralinpikoetan domina irabazitako Teresa Perales kirolariak hitzaldi motibazionala emanen du; sormenari buruzko tailer sorta bat eginen da; eta hackatoiaren sari banaketak emanen dio amaiera jardunaldiari. Ekitaldia 18:00etan hasiko da, eta musika urbanoko Erel&Kuñi taldearen kontzertu bat ere izanen du. Jardueren programa osoa ekitaldiaren webgunean kontsultatzen ahal da. 

Nafar Lansare - Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren laguntzarekin eta Ingeteamen babesarekin antolatu da ekitaldia, eta haren helburua da harremanetan jartzea unibertsitateko prestakuntzadun profesionalen beharrean dauden erakundeak eta lan bila dabiltzan gazteak edo enpresetan lehenbiziko esperientzia izan nahi dutenak. Erakunde hauek laguntza eman dute topaketa antolatzeko: Abante, Array STI Norland, Azkoyen Group, Caixabank Tech, Nafarroako Rural Kutxa, Comantur, Conasa, Eosol, Exkal, EY, Florette, Garnica, Grupo AN, IED Electronicity, Inetum, Laboral Kutxa, Mondragon korporazioa, SEIDOR nts, Smurfit Kappa, Sungrow, Timac Agro, Tracasa, Veridas Das Gate eta Zabala.