Joan eduki nagusira

Nafarroako hamabost ikastetxetako laurogeita hamar ikaslek hartuko dute parte bihar (urriak 14, ostirala) eta etzi (urriak 15, larunbata) Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Parlamentuak antolatutako Batxilergoko XIII. Eztabaida Lehiaketan, galdera hau ardatz hartuta: “Ibilgailu elektrikoa alternatiba ona al da gaur egun gure herrialdean?”.  Lehenbiziko egunean sailkapen fasea izanen da, 09:00etatik 20:00ak arte, NUPeko Sario eraikinean, eta bigarren egunean, berriz, finala, 12:30ean (finalerdiaren ondorik), Parlamentuan berean. Torneoari buruzko informazio guztia Unibertsitatearen webgunean dago eskuragarri.

zoom Debate bachillerato1

Batxilergoko XIII. Eztabaida Lehiaketan parte hartuko duten zenbait ikasle, NUPen emandako prestakuntzan.

Hona hemen lehiaketan parte hartuko duten ikastetxeen zerrenda: Nuestra Señora del Huerto ikastetxea, Navarro Villoslada BHI, Sagrado Corazón ikastetxea, San Ignacio ikastetxea, Basoko BHI, Padre Moret Irubide BHI, Dominicas ikastetxea, Irabia-Izaga ikastetxea, San Cernin ikastetxea eta Plaza de la Cruz BHI (Iruñea), Miravalles-El Redín ikastetxea (Zizur Txikia), Nuestra Señora del Puy ikastetxea (Lizarra), Luis Amigó ikastetxea (Mutiloa), Marqués de Villena BHI (Martzilla) eta Paz de Ziganda ikastola (Atarrabia). Ikasleak hiru, lau edo bost kidek osatutako eta kapitain batek gidatutako taldetan lehiatuko dira.

Hain zuzen, prestakuntzako eta lehiaketako ekitaldi bat da, Nafarroako ikastetxe publiko eta itunduetako Batxilergoko 2. ikasmailako ikasleei zuzendua. Aukera ona da ikasleek zenbait trebetasun gara ditzaten, hala nola jendaurrean mintzatzea, taldean lan egitea, informazioa aztertzea edo argudioak ematea. Beren prestakuntza pertsonalerako interesgarriak izateaz gain, trebetasun horiek unibertsitateko graduko ikasketekin lotutako gaitasun orokor edo zeharkako zenbait osatzen dituzte.

zoom Debate Bachillerato2

Óscar Orzaiz, NUPeko Antzerki Taldearen arduraduna, jendaurrean hitz egiteko gakoak azaltzen.

Lehiaketari buruzko zalantzak argitu eta orientabidea jasotzearren, joan den asteburuan, NUPen antolatutako prestakuntza-saio batzuetan hartu zuten parte izena emandako ikasleek.

Lehiaketaren nondik norakoak

Ostiralean hasiko den lehiaketan, norgehiagoka bi talderen artekoa izanen da beti. Aldez aurretik zozketa bidez erabakitako aurkako jarrerak defendatu beharko dituzte, txanda itxitan, sarrera bat, bi gezurtatze eta ondorio bat izanen dituen hitza hartzeko txanda banatan. 

Unibertsitateko komunitateko zenbait kidez eta erakundeak berak gonbidatutako beste batzuez osatua egonen da epaimahaia, eta kideen kopurua bakoitia izanen da. Honako alderdi hauek baloratuko ditu: sarrera, gezurtatze eta ondoriorik hoberenak; taldearen jarrera eta adierazitakoaren ordena, argitasuna eta erraztasuna; gaiaz aritzeko segurtasuna eta gaia bera menderatzea; inprobisatzeko gaitasuna; hizkera egokia izatea diskurtsoari begira; erantzuteko arintasuna; naturaltasuna, adierazkortasuna eta kontaktu bisuala; eta beste taldearen baliabideen integrazioa.