“Unibertsitatea eta Ezgaitasuna” elkarteak desgaitasunari buruzko Ikasketa Amaierako Lan Hoberenaren VII. Sariaren deialdia egin du. Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasle eta administrazioko eta zerbitzuetako langile batzuek osatzen dute elkarte hori. Deialdia beren lanak azkeneko bi ikasturteetan, hots, 2020ko urtarrilaren 1etik 2022ko urriaren 16ra arteko epean aurkeztu dituzten NUPeko graduko eta masterreko ikasleei zuzentzen zaie. Saria tableta elektroniko bat da, eta lanak aurkezteko epea urriaren 30ean amaituko da.
Sariak emateko ekitaldia, urtarrilean, “Unibertsitatea eta Ezgaitasuna” elkartearen sariaren azken edizioan. Ezkerretik eskuinera: Leyre Elizari (irakaslea), Begoña Pérez Eransus (errektoreordea), Mishell Cadena (accesita), María Gutiérrez (irabazlea), Carlos Alonso (AZLa) eta Julen Llorens (irakaslea).
Lanen gaiak zerikusia izan behar du desgaitasunarekin eta desgaituen bizi-kalitatea hobetzearekin, eta edukiak ez du egon behar inolako konfidentzialtasun klausularen mende. Gainera, lortutako nota oso ongi edo handiagoa izan behar da (7 puntu edo gehiago). Lanak sariaren aurreko edizioan aurkeztu gabeak izan behar dira.
Epaimahaiak lanaren edo proposatzen den irtenbidearen originaltasuna hartuko du aintzat, baita haren ekarpenak (kontzeptualak, praktikoak eta abar) eta aplikagarritasuna ere.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek lanaren laburpen bat bidali beharko dute (6.000 karaktere gehienez) helbide elektroniko honetara: asociacion.universidad.discapacidad@unavarra.es
Gehiago jakin nahi baduzu, aukera duzu “Unibertsitatea eta Ezgaitasuna” elkartearen webgunea kontsultatzeko. Elkarte horren helburua desgaitasunaren inguruko ikerketa eta irakaskuntza babestea da, baita behar dutenei beren esperientzia eta laguntza emateko modua duten pertsonak harremanetan jartzea ere.