Joan eduki nagusira

300 lagun inguruk parte hartu dute gaur, ostirala, irailak 30, Campus Iberusen 2022-2023 ikasturtearen hasiera-ekitaldian, Iruñean. Campus Iberus Ebro Ibarreko Nazioarteko Bikaintasun Campusa da, eta Errioxako, Lleidako eta Zaragozako Unibertsitateek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) osatzen dute. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Arrosadiko campusean egin da ekitaldia. Ekitaldi instituzionalean, Ramón Gonzalo partzuergo horretako presidente eta NUPeko errektoreak Campus Iberusek dakarren unibertsitateen arteko aliantza estrategikoaren eredua azpimarratu du. Hasierako ikasgaia Pablo Rodríguez Rodríguezek gidatu du (Langreo, Asturias, 1972). NUPeko Telekomunikazio Ingeniaritzako tituluduna da, eta teknologian aditua. 2016an Nafarroako Unibertsitate Publikoko I. alumni nabarmen gisa aitortu zuten.

zoom Acto apertura1

Ekitaldiaren lehendakaritza mahaia. Ezkerretik eskuinera, Lleidako eta NUPeko unibertsitateetako errektoreak, Nafarroako lehendakaria eta Errioxako eta Zaragozako errektoreak.

Ramón Gonzalez bera eta beste hiru unibertsitateetako errektoreak –Juan Carlos Ayala Calvo Campus Iberuseko presidenteordea (Errioxa); Jaume Puy Llorens (Lleida), eta José Antonio Mayoral Murillo (Zaragoza)– izan dira ekitaldiaren buru, María Chivite Navascués Nafarroako lehendakariarekin batera. Ekitaldian hauek izan dituzte aldamenean: Foru Komunitateko gobernu organoetako agintari eta ordezkariak (Nafarroako Gobernua, Nafarroako Parlamentua, Iruñeko Udala, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusia eta Kontuen Ganbera, besteak beste), Iberus Campuseko partzuergoko lau unibertsitateetako ordezkariak eta beste unibertsitate batzuetakoak (Nafarroako Unibertsitatea, UHUN eta EHU). Era berean, Errioxako eta Aragoiko gobernu autonomikoetako ordezkariak ere bertan izan dira, unibertsitateen arloan eskumenak dituztenak.

zoom Acto apertura2

Ramón Gonzalo errektorea, hitzaldia ematen.

Ekitaldia ordena honen arabera egin da: lehenik eta behin, segizio akademikoa sartu da, eta ondoren Chivite lehendakariak hasiera eman dio zeremoniari. Ondoren, Juan Carlos Ayala Campus Iberuseko presidenterorde eta Errioxako Unibertsitateko errektoreak bide eman dio Campus Iberuseko urteko memoriaren laburpen bideoari. Amaitzean, hasierako ikasgaia irakurri dute eta Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak eta Chivite lehendakariak hartu dute hitza. Horrekin, hasiera eman zaio 2022-2023 ikasturteari. Ekitaldiaren musika Zura Quartet laukoteak eta Iruñeko Orfeoiaren Gazteen Abesbatzak interpretatu dute.

zoom Acto apertura3

Pablo Rodríguez, hitzaldia ematen.

Lau unibertsitateak indartzeko aliantza

Ramón Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, bere hitzaldian, azpimarratu du Campus Iberus duela hamabi urte sortu zela, lau unibertsitateak eraginkorragoak eta lehiakorragoak izan zitezen, Europa mailan jardunbide onaren adibide gisa onartu den agregazio eredu baten bidez. 
 Era berean, azken hilabeteetan egiten ari diren lege erreformen errepasoa egin du; izan ere, adierazi duenez, erreforma horien araberakoa izanen da unibertsitateen datozen hogei urteetako etorkizuna.

Azkenik, Nafarroako gizarteak unibertsitateari buruz duen irudiari buruzko azken ikerketan, inkestatuen % 98k uste du NUP oso edo nahiko garrantzitsua dela Nafarroako garapen ekonomiko eta sozialerako. 

“Emaitza horrek, alde batetik, NUPen sendotasuna erakusten du, eta, bestetik, Nafarroako gizarteak bere unibertsitatearen garapenari ematen dion babesa, betiere kontuan izanda Nafarroako Gobernuaren konbentzimendu eta apustuak eta Nafarroako erakunde eta enpresa askoren inplikazioak bultzatzen duela unibertsitatea”, adierazi du Ramón Gonzalok. Haren ustez, NUPen “inbertsioak egitea” Nafarroaren eta bere gizartearen etorkizuna bermatzea da.    

zoom Acto apertura4

Fernando Remacha aretoaren ikuspegi orokorra.

NUP, Nafarroaren aurrerabidearen motorra

María Chivite Nafarroako lehendakariak, berriz, NUPek Nafarroaren aurrerabiderako duen garrantzia azpimarratu du bere hitzaldian; unibertsitateak irakaskuntzan eta ikerketan egiten duen lanaren errepasoa egin du, eta bizikidetza, espiritu kritikoa eta berdintasuna sustatzen betetzen duen papera azpimarratu du. 

 Azpiegituren arloan, lehendakariak Campus Jasangarria proiektuaren garrantzia azpimarratu du –Arrosadian eguzki plakak eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak instalatzea ahalbidetuko du–, eta hizpide izan du Unibertsitateko Osasun Zientzien Fakultate berriaren eraikuntza ere. 

Bestalde, María Chivitek "Ekitate bekak" programa abian jarriko duela iragarri du, ingurune prekarizatuetatik datozen ikasleei laguntzeko, eta aurrekontu publikoen bidez zientzia eta berrikuntza babesteko beharra azpimarratu du, Foru Gobernuak bultzatutako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren harira.

Foru Komunitateko lehendakariaren hitzek hasiera ofiziala eman diote Campus Iberusen 2022-2023 ikasturteari.

Segizio akademikoa eta Campus Iberusen memoriari errepasoa

Ekitaldia 10:00etan hasi da, Sario eraikineko Fernando Remacha ikasgelan. Hasteko, segizio akademikoaren desfilea izan da, aurretik Miguel Ángel Campo Bescós banderaduna zihoala (NUPeko Ingeniaritza Saileko irakaslea). Togadun irakasleen taldea ikasgelara sartu da Zura Quartet harizko laukoteak “Erresumako Gortearen Sartzerako martxa” XVIII. mendeko pieza anonimoa interpretatzen zuen bitartean –Daniel Sádaba Bermejok, Mario Oroz Arraizak, María Fernández Molinak eta Paula Azcona Cerdánek osatutako laukotea–. 
 
Campus Iberusen memoriaren laburpen bideoan, aliantza estrategiko horren azken urteko alderdi garrantzitsuenak errepasatu dira, hala nola Iberus Talent edo Iberus Experience programen bidez ikertzaileak nazioartekotzearen alde egindako apustua, Iberus Connect programak ahalbidetzen duen lankidetza eta Europako lankidetza-proiektuen baterako ikerketa. Halaber, aliantza estrategikoak Latinoamerikan duen presentzia azpimarratu da, zeinak Kolonbian baitu bulego iraunkorra. 

Era berean, baterako prestakuntzaren arloko ekintzak nabarmendu dira, eta bereziki lau unibertsitateek dituzten hiru master komunak edo haien doktoretza-jardunaldiak, urtero egiten direnak. Campus Iberusen, bideoan adierazi den bezala, dibulgazioak ere badu bere lekua, eta horren adibide dugu “Tesiak 3 minutuan” lehiaketa, eta ekintzailetzak ere bai, “Exolum Emprende” sariei esker.

Gainera, ikus-entzunezko bideoan bereziki azpimarratu da eskualdeko gobernuek aliantza estrategikoaren alde egindako apustua, zeina joan den ikasturtean sinatutako lankidetza-hitzarmenean gorpuztu baita. Datozen urteetarako, unibertsitateen bikaintasuneko, berrikuntzako eta lehiakortasuneko ereduan erreferente izaten jarraitzearen aldeko apustua egiten du Campus Iberusek, eta, horretarako, ezinbesteko du erakunde publiko eta pribatuekin lan egitea. 

Campus Iberusi buruz

Campus Iberus Ebroko ibarreko unibertsitate publikoen aliantza estrategikoa da (Zaragozako, Lleidako eta Errioxako unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa). Guztira, 55.000 bat unibertsitateko ikasle dauzka, graduko 142 titulutan, eta doktoretzako 3.200 ikasle, 83 doktoretza-programatan banatuta. Eskaintza akademikoa osatzeko, 138 master ofizial eta 181 titulu bereki ere baditu. Bestalde, unibertsitate guztien langileak batuta, 5.400 irakasle eta ikertzaile (I+I) ditu, eta administrazioko eta zerbitzuetako 3.000 langile (AZL).