Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritzaren eta Enpresaren Katedrak 2.000 euro inguru balio duten sariak emateko deialdia egin du“I Navarra Talent Challenge” delakoan planteatutako erronkei konponbide hoberena aurkezten dutenentzat. Ekitaldia urriaren 7an eta 8an eginen da, NUPen. Izena emateko epea irailaren 30ean bukatuko da, hau da, ostiralean, eta deialdia 2022-2023 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan matrikulatutako ikasleei zuzendua dago.
“Navarra Talent Challenge” delakoan, zenbait erronka jartzen zaizkie ingeniaritzako ikasleei: 24 orduko epean, Nafarroako enpresa batzuek proposatutako problemei konponbidea bilatu behar diete. Ikasleek taldean lan egiteko eta ingeniaritzarekin loturiko arazoei irtenbide berritzaileak emateko duten gaitasuna sustatzea da sarien helburua, bai eta enpresa parte-hartzaileek talentu gaztea kontrata dezaten laguntzea.
Deialdi honetan bi sari daude: lehenbizikoa, irabazi duen taldeko kideentzako esperientzia ludiko bat, 1.400 euro inguru balio duena; bigarren gelditutako taldearentzat beste bat, 600 euro inguru balio duena. Parte-hartzaile guztiei, gainera, bi saio praktiko emanen zaizkie enplegua lortzeko aukera hobetzeko.
Antolatzaileek erabaki dutenez, gehienez 100 lagunek hartzen ahalko dute parte lehiaketan. Kopuru hori gaindituz gero, IITIGMETeko ikasleek izanen dute lehentasuna. Parte-hartzaileek nork bere esku-ordenagailua erabili beharko du.
Lehiaketa bukaturik, aurkeztutako konponbideak defendatzeko ekitaldi ireki bat eginen da ikasle taldeek beren proiektuak azaldu ditzaten. Sariak emateko ekitaldia ere publikoa izanen da.
NUPeko Ingeniaritzaren eta Enpresaren Katedra bi erakundek osatua dago: unibertsitatea eta Nafarroako Ingeniari Industrialen Elkargo Ofiziala. “Navarra Talent Challenge” honetan parte hartzen duten enpresak hauek dira: IED electronicity, Liebherr, Viscofan eta Volkswagen Navarra. Antolamenduan, bestalde, beste enpresa hauek ere laguntzen dute: das-Nano Veridas eta Zabala Innovation.