Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) lan-orientazioari buruzko doako lantegi batzuk eginen ditu urriaren 11tik (asteartea) 21era (ostirala). Lan-elkarrizketak prestatzearekin eta curriculum vitaea idaztearekin loturiko edukiak emanen dituzte. Lantegiak doakoak dira, eta interesa duen edonori zuzenduta daude. NUP Fundazioak antolatutako Enpleguari eta Ekintzailetzari buruzko XV. Topaketaren barnean kokatzen dira, zeina urriaren 26an eginen baita, asteazkenarekin, Iruñeko Nafarroa Arenan.
Lan-orientazioko hiru lantegi eginen dira: “Ez zara askoren arteko beste bat. Zure CVa nabarmentzeko gakoak”, “Lanpostua zurea da! Frogatu lan elkarrizketan zu zarela bilatzen ari diren hori” eta “Elkarrizketen simulagailua: praktika ezazu arrakasta izateko”. Honako alderdi hauek jorratuko dituzte besteak beste: zer-nolako curriculum motak dauden, zer gomendio segitu behar diren, nola erabili behar diren sare sozialak norberaren CVa ezagutzera emateko, eta lan-elkarrizketak eta hautaketa-prozesuetako beste proba batzuk nola prestatzen diren. Halaber, elkarrizketetan maizen egiten diren galderak praktikatzeko aukera izanen da.
Goizez eta arratsaldez eginen dira lantegiak, NUPeko Sario eraikinean, eta bi orduko iraupena izanen dute. Izena eman behar da aldez aurretik, eta Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan antolatu dira.
Topaketaren XV. edizioa
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpleguari eta Ekintzailetzari buruzko Topaketara doazenek prestaketa-lanak eginen dituzte lan-orientazioko lantegietan. Aurtengoa hamabosgarren edizioa izanen da, eta lehenbizikoz beste kokagune batean eginen da, Nafarroa Arenan hain zuzen. Doakoa da, baina erregistratu egin behar da, aforoa kontrolatu behar baita.
Topaketaren helburua da harremanetan jartzea unibertsitateko prestakuntzadun profesionalen beharrean dauden erakundeak eta lan bila dabiltzan gazteak edo enpresetan lehenbiziko esperientzia izan nahi dutenak. Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzarekin lankidetzan antolatzen da, Pharus programaren barnean. NUP gizartera lotzeko plana da Pharus, eta, lankidetzako eta ezagutza partekatuko jardueren bidez, Nafarroaren aurrerabideari eta jasangarritasunari ekarpena egitea eta Nafarroako herritarren bizi-kalitatea hobetzea du helburu. Gainera, Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan eginen da.