Nafarroako Unibertsitate Publikoak Urretxindorra proiektuaren beste edizio bat jarri du martxan. Proiektuaren bidez, unibertsitateko ikasleek laguntza ematen diete eskola-orduetatik kanpo adingabeei, jarduera ludikoak eta kulturalak eginez astean bizpahiru orduz. Lehen Hezkuntzako ikasleei eta Bigarren Hezkuntzako lehenbiziko ikasmailakoei bideratua dago programa, eta 2022ko irailaren 29an bukatuko da unibertsitateko ikasleek izena emateko epea.


Urretxindorra proiektuaren aurreko edizioan parte hartu zuen NUPeko ikasle bat (artxiboko argazkia).
Programan, unibertsitateko ikasleek ikasturtean zehar laguntza ematen diete eskola-umeei. Mentoreek harreman positiboa eraiki behar dute adingabeekin, eta lagundu egin behar diete pertsonalki eta sozialki garatzen. Unibertsitateko ikasleentzat ere aukera ezin hobea da pertsona horientzako heldutasun eredu positiboa garatzeko.
Deialdiaren oinarrietan aditzera ematen denez, 25 mentore hautatuko dira gehienez ere, eta NUPeko Gizarte Ekintzarako eta Berdintasunerako Unitateko kudeatzaileak izanen dituzte bidelagun. Programan parte hartzeagatik, beka bat ematen zaie mentoreei. Hautaketa-prozesua bukatu ondoren zehaztuko da zenbatekoa izanen den beka.
Beka guztiak esleitzen ez badira eta ikastetxeen eskaerari erantzutearren mentore gehiago behar badira, epe berezi bat zabalduko da eskaera gehiago aurkezteko, 2022ko urriaren 4tik 6ra.
NUP Mentoretza Sozialeko Koordinakundeko kide da (Kataluniako zenbait unibertsitaterekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera besteak beste), baita Nightingale Mentoring Network-ekoa ere, zeinak Europako bederatzi herrialdetako zenbait erakunde biltzen baititu (Alemania, Austria, Danimarka, Espainia, Finlandia, Islandia, Norvegia, Suedia eta Suitza); erakunde horietatik hamasei, izan, unibertsitateak dira.
Urretxindorra proiektua 1997an sortu zuen Malmöko Unibertsitateak (Suedia), adingabeak erakunde horretako ikasleekin konektatzeko programa gisa. Ekimena Israelgo Perach proiektuan oinarritu zen, eta urretxindor izena eman zitzaion, seguru sentitzen denean zoragarriki kantatzen duen txoria baita. Izen horrek, halaber, suediar hiriarekin dauka zerikusia, bertan jaio baitzen Hjalmar Gullberg poeta (1898-1961), zeinak hegazti horretan inspirazioa aurkitu baitzuen bere bertsoak idazteko.