Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloetan egindako Ikasketa Amaierako Lanei buruzko Poster Lehiaketaren IV. edizioaren deialdia egin du. Lehiaketak 2.700 € ditu saritan, eta eskaerak aurkezteko epea irailaren 23an amaituko da. Aipatu katedraren webean kontsultatzen ahal da deialdiari buruzko informazio guztia.

zoom PosteresMujerCiencia

Ingeniaritzako eskola praktikoen une bat.

Gradu edo master amaierako lana 2021-2022 ikasturtean defendatu duten NUPeko emakumezko ikasleentzat da lehiaketa, betiere lanen edukia zientziaren eta teknologiaren esparrukoa bada. Gradu amaierako lanen kasuan, beste unibertsitate batean ikasketak egin dituzten ikasleek ere parte hartzen ahal dute, baldin eta 2022-2023 ikasturtean NUPen matrikulatuta badaude.

Bi modalitateetako bakoitzean (gradua eta masterra) 900 euroko lehen sari bat eta 450 euroko bigarren sari bat emanen dira.
Gradu eta master amaierako lanek defendatuta eta gaindituta egon behar dute hautagaitzak aurkezteko azken egunean. Izangaiek pdf formatuko poster bat aurkeztuko dute lehiaketara, eta diseinu horizontala nahiz bertikala izaten ahal du. Posterrean, ikasleek beren ikasketa amaierako lanaren ideia garrantzitsuenak islatuko dituzte, eta, geroago, lehiaketa egiten den egunean, haren edukia defendatuko dute ahoz, bost minutuan, lehiaketaren epaimahaiaren aurrean.

Ikertzaileen Gau Europarrean eginen da lehiaketa, hots, irailaren 30ean (ostirala), arratsaldean, CIVICANen.

Deialdiaren oinarrien arabera, epaimahaiak alderdi hauek hartuko ditu aintzat: ikasketa amaierako lanaren kalitatea eta interesa zientziaren eta teknologiaren esparruari egindako ekarpenarekin loturik; nola dagoen egina posterra, hots, laburra eta argia den eta ongi aurkeztua dagoen; lehiaketaren eguneko azalpenak eta epaimahaikideen galderei emandako erantzunak; eta izangaia ongi egokitu ote zaion ahozko defentsa egiteko emandako denborari.

Emakume gehiago zientzian eta teknologian

NUPek eta Nafarroako Gobernuak 2019an sortu zuten Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra. Katedraren xedea da emakumeek zientzian eta teknologian parte har dezaten bultzatzea, emakume kopurua handiagotuz ZTIM titulazioetan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika, ingelesezko sigletan), bai eta arlo horietako ikerketa sustatzea eta haietan genero ikuspegia sartzea ere.