Joan eduki nagusira

Guztira 30 bat herrialdetako 180 ikasle hasiak dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), eta bertan eginen dute 2022-2023 ikasturteko udazkeneko seihilekoa Unibertsitateak eskaintzen dituen nazioarteko mugikortasuneko hainbat programaren bidez. Horien artean 32k eginen dute ikasturte osoa NUPen. Gainera, Espainiako unibertsitateetako beste 14 ikasle ere ikasturte hasiera honetan hasiko dira NUPen, SICUE-Seneca estatu barneko mugikortasun programari esker.

Atzerriko ikasleak abuztu bukaeran hasi ziren Unibertsitatera iristen, eta nazioarteko ikasleei ongietorria egiteko jardunaldietan parte hartu dute. Horietan, unibertsitateko egonaldian egiten ahal dituzten ikasketen edukiari eta kultur eta kirol jarduerei buruzko informazio hitzaldiak izan dituzte.

Gazte atzerritarrek Buddy Programan parte hartzen duten NUPeko hogeita hamar bat ikasleren laguntza izanen dute lehen seihilekoan. Ekimen horren helburua atzerriko ikasleei laguntzea da, dela Iruñea eta Unibertsitatea ezagutzen, dela beste zenbait kontutan, hala nola bizilekua bilatzen eta zenbait tramite egiten. Gainera, ongietorri instituzional horren barnean sartzen da Unibertsitateko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian astebetez emanen zaien gaztelania-ikastaro trinko eta doakoa ere, beste zerbitzu batzuen artean. 

zoom Jornada de Bienvenida

Trukeko ikasleak, NUPen, Ongietorria egiteko jardunaldian.

Herrialdeak eta programak

Nazioarteko ikasleak (113 emakumezko eta 78 gizonezko) hogeita hamar bat herrialdetatik etorriak dira, gehienak Europako herrialdeetatik, baina baita Afrikako, Amerikako eta Asiakoetatik ere. Honako herrialde hauetatik datoz: Alemania (13), Argentina (2), Austria (3), Brasil (1), Txile (13), Txina (5), Kolonbia (2), Danimarka (1), Estatu Batuak (9), Finlandia (2), Frantzia (23), Hungaria (3), Italia (46), Japonia (2), Mexiko (27), Herbehereak (6), Peru (3), Polonia (2), Portugal (4), Txekiar Errepublika (1), Turkia (4) eta Uruguai (8).     

Programa motari begiratuta, Erasmus+ programakoak dira Unibertsitatera graduko ikasketak egitera datozen ikasle gehienak (Europako eta beste herrialde batzuetako ikasleekin trukea egiteko programa).  Halaber, badaude Palafox programakoak ere, hau da, NUPek Latinoamerikako ikasleekin trukea egiteko duen berezko programakoak; Martín de Rada Asiako truke-programakoak; edota ISEP programakoak eta aldebiko hitzarmenen bidez etorriak. 

Graduko ikasleez gain, masterreko eta doktoretzako nazioarteko ikasleak ere hasi dira NUPen, Carolina Fundazioaren, Talentua Erakartzeko beken eta AUIP beken bitartez. 

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 32 herrialdetako 193 unibertsitaterekin hitzarmenak dituelako daude martxan truke-programa horiek guztiak.