Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) “3 minutuan” lehiaketaren beste edizio bat jarri du abian. Ikasketa amaierako lanen edukia publiko ez-espezializatuari 180 segundoan hobekien azaltzen dioten graduko eta masterreko NUPeko ikasleak saritzen dira lehiaketan. Eskaerak aurkezteko epea urriaren 14an bukatuko da, ostiralean.

zoom En3minutos

Asier Bendoiro, Gradu Amaierako Lanaren modalitateko irabazlea 2020ko edizioan.

Parte-hartzaileen erronka da gradu edo master amaierako lanean egindako ikerketaren edukia laburtu eta hiru minutuan azaltzea jendaurrean. Hizkera erraza eta edozeinek ulertzeko modukoa erabili behar dute horretarako. Ikertzaile gazteen lana gizarteari hurbiltzea da lehiaketaren helburua, eta, aldi berean, haiengan zientzia eta teknologia zabaldu eta hedatzeko gogoa piztea.

NUPeko Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak bultzatu du ekimena, Kultura Zientifikoaren Unitatearen bitartez, eta Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioaren Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren finantzabidea jaso du (FECYT). Hiru sari daude kategoria bakoitzean (gradukoan eta masterrekoan): 500, 300 eta 200 euro lehenbiziko, bigarren eta hirugarren sailkatuentzat, hurrenez hurren. Deialdiaren oinarriak NUPeko Kultura Zientifikoaren Unitatearen webean daude kontsultatzeko.

Faseak eta garapena

2022ko azaroan eginen da lehiaketa, eta saio bakar batean edo aldez aurreko hautaketa-fase baten ondoren, zenbat ikaslek ematen duten izena. Lehiaketa baino lehenago, prestakuntza espezifikoa jasoko dute parte-hartzaileek aurkezpenak dibulgaziozko hizkerara egokitzen ikasteko, eta oratoria teknikak, jendaurrean mintzatzeko abileziak eta irratiko komunikazioa eta hizkera landuko dituzte.

“Tesiak 3 minutuan” lehiaketan du sorburua “3 minutuan” lehiaketak. Lehiaketa hura 2012an antolatu zuen lehenbizikoz NUPek, eta doktoretzako ikasleek ere bazuten parte hartzeko modua. Bi urte geroago, lehiaketan parte hartzeko aukera eskaini zitzaien Campus Iberuseko lau unibertsitateetakoren batean prestakuntzan ari ziren ikertzaileei (Errioxa, Lleida, Nafarroako Publikoa eta Zaragoza). Ekimenaren arrakastaren ondorioz, Campus Iberusek “Tesiak 3 minutuan” lehiaketa antolatu zuen doktoretza-tesia hobekien azaltzen duen ikaslea saritzeko.

Hori dela-eta, “3 minutuan” lehiaketa NUPeko graduko eta masterreko ikasleei zuzentzen zaie. Parte hartzeko baldintza bat bakarra dago: gradu edo master amaierako lana aurreko ikasturtean aurkeztu izana eta 2022ko urriaren 14a baino lehen defendatu izana.