Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzaren bidez, Parekoen arteko Mentoretza Programaren beste edizio bat jarri du martxan. Hala, ikasturte honetan azken ikasmailetako 80 bat ikaslek irakaskuntza eta administrazio gaietan informazioa eta orientazioa emanen diete gehienez ere beren titulazio bereko lehen ikasmailako zazpi ikasleri. Ekimenean parte hartzeko interesa luketen lehen mailako ikasleek “online” eman dezakete izena datorren irailaren 11ra bitarte, Unibertsitateak mentoretzarako duen webgunearen bidez.
Mentoreek irailetik martxora bitartean gauzatzen dute beren eginkizuna, eta, horretarako, erakunde hauen laguntza eta prestakuntza dute: Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetza, beren fakultatea edo ikastegia, Unibertsitate Arretarako Bulegoa eta Ikasleen Kontseilua. Mentoretza Planaren promozio bideo bat ikusgai dago NUPen YouTubeko kanalaren esteka honetan.
Mentoretza Programan izena eman nahi duten lehen mailako ikasleek Unibertsitateak mentoretzarako duen webgunea kontsultatzen ahal dute, hantxe aurkituko baitute ekimenari buruzko informazio guztia.
Parekoen arteko mentoretza programa
Mentoreek unibertsitate zabalpeneko bi ECTS kreditu (50 orduren baliokidea) lortzen ahal dituzte gehienez, eta konpromisoa hartzen dute, besteak beste, prestakuntzako lantegietara joateko; mentoretzapean daukaten ikasle taldearekin bilera egiteko seihileko bakoitzaren hasieran; ikasleen banakako kontsultei “online” erantzuteko; eta ikasleengan unibertsitateko independentzia eta autonomia bultzatzeko, lanerako eta ikasketarako ohitura eraginkorrak gara ditzaten. Amaieran, mentoretzapean dauzkaten ikasleek ebaluatuko dituzte.
Ikasturtez ikasturte handiagoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) mentoretza lanak egin dituzten ikasleen kopurua, eta orain lau aldiz handiagoa da 2016-2017 ikasturtean programa hasi zenean baino, orduan 23 mentore izan baitziren. Bestalde, mentoreen aholkuak jaso dituzten ikasleen kopuruak ere gora egin du, eta hasierakoak halako lau baino gehiago dira orain: 449 izan dira 2021-2022 ikasturtean, eta 2016-2017 urtean, berriz, 105 besterik ez ziren izan.