Joan eduki nagusira

Alejandro Monroy Ostívar Azkoiengoa da (Nafarroa), eta notarik altuenarekin sartu da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irailetik aurrera graduko lehen ikasmaila egiteko matrikulatu diren ikasle guztien artetik. Hemezortzi urteko gazteak 14tik 13,95 puntuko kalifikazioa lortu du —kalifikazio hori kalkulatzeko, Batxilergoko batezbestekoaren % 60 eta USEkoaren % 40 hartzen dira kontuan, behar diren ponderazioak egin ondoren—. Medikuntzako Gradua eginen du.

zoom Alejandro Monroy

Alejandro Monroy Ostívar, NUPeko Osasun Zientzien Fakultatean.

Alejandro Monroy Ostívarrek Ribera del Arga BHIn egin zuen Batxilergoa (Azkoienen), G ereduan (gaztelaniaz). Zikloa osatzen duten bi ikasmailetan, 10eko batez besteko nota atera zuen; USEan, berriz, 9,95ekoa, eta ponderatzen zuten irakasgai guztietan 10eko kalifikazioa: Matematika II, Fisika, Biologia eta Kimika. Batxilergoko nota eta USEko nahitaezko eta borondatezko faseetako notak batu eta ponderazioak egin eta gero, 13,95eko azken kalifikazioa erdietsi zuen.

NUPek ongietorria egiteko antolatzen duen egunera etorri da gaztea, beste 2.100 ikasle bezala, gaur, irailaren 1ean, osteguna (Arrosadiko campusean, Osasun Zientzienean eta Tuterakoan egin da jardunaldia). Bihar hasiko ditu eskolak, irailaren 2an, ostirala, bere ikaskideekin eta beste ikasmailetakoekin batera.