Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak koordinatutako eta UAGNrekin (Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Batasuna) elkarlanean egindako Agroinc proiektuaren emaitza batzuek erakusten dutenez, 2010 eta 2017 artean Nafarroan uzta biltzeko makinek eragindako suteen % 67 makinaren beraren barnean piztu ziren, eta kojineteetan hasitakoak izan ziren ohikoenak (kasuen % 42). Nafarroan azken urteotan izandako suteek ingurumenean izan duten eragina ebaluatzeaz gain, proiektuak jardunbide egokien gida bat ezarri du suteak prebenitzeko, eta aplikazio informatiko bat jarri du erabiltzaileen eskura, Excel ingurunean, sute arriskua kalkulatzeko aukera ematen diena uzta biltzeko makinaren egoeraren, dataren eta landuko den eremuaren arabera.

zoom Uzta biltzeko makina baten barnean lortutako tenperaturaren irudi termikoa, lanean hasteko unean (lagatako irudia).

Uzta biltzeko makina baten barnean lortutako tenperaturaren irudi termikoa, lanean hasteko unean (lagatako irudia).

Zerealak biltzeko makinek suteak eragin ditzakete biltzeko garaian beren lan baldintzak direla eta: tenperatura altuak eta hezetasun erlatibo baxua, material begetal lehorraa eta jardueran tenperatura altuetara iristen den elementu ugariko makineria (errodamenduak, uhalak, motorrak, etab.). Proiektuan, bestalde, inkestak egin zitzaizkien nekazariei eta uzta biltzeko makinen jabeei (35 inkesta baliodun), eta mota horretako makinek 2010 eta 2017 artean eragindako 26 sute aztertu ziren.

Ikerketaren arabera, inkestan parte hartutako gehienek (% 68) ez dute inolako suterik izan beren makinetan. Hala ere, suteak gertatu ziren kasuetan, horien % 67 makinaren barnean sortu ziren (kasuen % 42, kojineteetan); % 25, motorraren gorputzean; eta % 8, berriz, ebaketa-barran. Gainera, suteen % 25 “beste batzuk” gisara daude sailkatuak, bestelako jatorriak izan zituztelako: goi tentsioko kable batekin izandako istripu bat, makinaren atzealdean izandako sute bat eta jatorrizko eremurik adierazi ez zen hirugarren kasu bat.

Silvia Arazuri Garin NUPeko Ingeniaritza Saileko irakasle, IS-FOOD institutuko ikertzaile eta proiektuaren ikertzaile nagusiak azaldu duenez, “istripu bat dagoenean, faktore bat baino gehiago izaten dira. Proiektu honetan, datuak hobeki aztertzeko, arrazoi bakarra hartu dugu kontuan, nahiz eta badakigun bi edo gehiago izan daitezkeela”. Hala, kausarik ohikoena (% 28) ebaketa-barra oso baxuarekin lan egitea izan zen, bigarrenik istripuak eta ustekabeko kausak (% 22) eta hirugarrenik lasto hondarren metaketa makinaren zenbait eremutan (% 19).

Ildo horretan, ikertzaileak gogorarazi duenez, “makina horien lan baldintzez jabetu beharra dago. Bildutako irudi termikoko datuen arabera, uzta biltzeko makinak lana amaitutakoan, 85 Celsius gradutik gorako tenperatura duten eremuak izaten dira orrazian; beraz, espero izatekoa da bilketan makinaren barnean lortzen diren tenperatura-mailak askoz ere handiagoak izatea”.

Gainera, azterlanaren arabera, inkestan parte hartu zutenen % 13k uste zuen arazo bat dagoela makinen diseinuan, eta horrek eragiten duela lastoa metatzea, errodamenduak gehiegi berotzea eta abar.

Jardunbide egokien gida eta arrisku mailak

Jardunbide egokien gida gomendio erraz batzuk dira, nekazariek sute arriskua murrizteko egin beharko lituzketen urratsen sekuentzia gogorarazteko balio dutenak. Uzta biltzeko makina egunero garbitzea proposatzen da, baita egunero berrikustea eta beharrezkoa denean koipeztatzea eta mantentze lanak egitea ere. Era berean, bilketa lursailaren kanpoaldetik hasita egitea gomendatzen da, horrela suaren hedapena geldiaraziko duen zona bat ezartzeko, suteren bat sortuko balitz ere. Bestalde, lur harritsuetan jardutean, makinaren burua gehiegi jaistea saihestea gomendatzen da, eta suaren aurka borrokatzeko bitartekoak eduki behar dira beti.

zoom Uztaren ondorengo landare hondarren metaketa (lagatako irudia).

Uztaren ondorengo landare hondarren metaketa (lagatako irudia).

Gainera, aplikazio informatiko bat jarri da nekazarien eskura. Bertan, nekazariak uzta non eta noiz jasoko duen eta makina nolako egoeran dagoen adieraziz gero, sute bat gertatzeko eta suteak eremu babestu bat hondatzeko arrisku maila aipatzen da. Aplikazio hori garatzeko, Nafarroako sute arriskuari buruzko datu historikoak erabili dira, AEMETek emanak, eta katastroko eta ingurumenaren aldetik babestutako eremuetako informazioa gehitu zaio.

Agroinc proiektua Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak eta Nafarroako Gobernuak finantzatu dute. Haren garapenean, NUPen aldetik, Silvia Arazuri (ikertzaile nagusia), Carmen Jarén, Carlos López Molina, Ainara López, Jesús Mª Mangado, Blanca Angulo eta Pedro Arnal aritu dira. UAGNk ez ezik, Nafarroako Gobernuko Basoak Kudeatzeko Atalak, AEMET Navarrak eta Nafarroako Suhiltzaileek ere parte hartu dute.