Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Nafarroako Batzordeak (CERMIN) hitzarmena berritu dute desgaitasunen bat dutenen bizi-baldintzak hobetzeko eta inolako diskriminaziorik gabe beren eskubideak baliatzeko ekintzak sustatu, bultzatu eta garatzearren. Unibertsitateak konpromisoa hartua du desgaitasunen bat dutenen erabateko inklusioaren alde lan egiteko jarduera-eremu guztietan, hots, prestakuntzan, ikerketan eta unibertsitateko komunitatearentzako arretan, eta horren emaitza da hitzarmena. Begoña Pérez Eransus Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordeak eta María Luz Sanz Escudero CERMINeko lehendakariak sinatu dute esparru-hitzarmena berritzeko agiria.
Ezkerretik eskuinera, aurreko ilaran: José Javier Astrain, Carmen Burgui eta Mirian Neopte (CERMIN), Joaquín Sevilla, María Luz Escudero, Begoña Pérez Eransus, Sagrario Anaut eta Pablo Sotés; atzekoan: Javier Arza, Balbina Liberal, Leyre Elizari, Manuel Arellano (CERMIN) eta José Antonio Villanueva.
Harreman estua dute bi erakundeek, eta nabarmentzeko moduko ekintzak ekarri ditu horrek azkeneko urtean. Prestakuntzaren esparruan, esaterako, "Desgaitasuna eta denontzat balio duen diseinua" irakasgaia antolatu da, eta zeharkako gaitasun gisa eskaintzen zaie ikasle guztiei. Ikerketan, bi azterlan egin dira: lehenbizikoa, Nafarroako Parlamentuarekin batera, Nafarroako araudietan erabateko inklusioaren ikuspegia txertatzeko egin da; bigarrena, berriz, Covid-19aren ondoriozko neurriek desgaitasunen bat duten nafarren artean nolako eragina izan duen jakiteko. NUPen eta CERMINen arteko harremanari esker egin da hori guztia.
Bestalde, Unibertsitatearen eremuan, NUPeko Unibertsitatea eta Desgaitasuna Elkarteak sari bat ematen dio urtero desgaitasunei buruzko Ikasketa Amaierako Lan Hoberenari. Sari horren helburua da desgaitasunen bat dutenen bizi-kalitatearen hobekuntza askotariko diziplinetako ikerketa-xede gisa ikusaraztea. Kirolen arloan, desgaitasunen bat dutenentzako akuaterapia ikastaro bat antolatu da Urpekaritza Eskolarekin lankidetzan, eta NUPek hitzarmen bat sinatu du Gurpildun Aulkiko Basketeko Nafarroako Klubarekin desgaitasunen bat dutenek egiteko moduko kirola sustatzeko.
Aurrerapausoak ematea arretan eta inklusioan
CERMIN entitatearekin sinatutako hitzarmenean jasoa dago gauzak egiten segitzea desgaitasunen bat dutenak NUPen zein NUPetik kanpo arreta egokia jaso dezaten eta erabateko inklusioa ziurtatua izan dezaten. Lau urteko indarraldia du hitzarmenak, eta beste hainbeste urtez luzatzen ahal da. Alde batetik, unibertsitateko ingurunea irekia izan dadila bultzatu nahi da, oztoporik gabea, jende guztia ibiltzeko modukoa, eta desgaitasunen bat dutenen aukera berdintasuna ziurtatuko duena unibertsitatean sartzeko, ikasketak egiten segitzeko eta aurrera egiteko. Bestalde, desgaitasunaren sektoreko prestakuntza eman nahi zaie profesionalei eta boluntarioei, eta ikerketa aplikatua bultzatu “desgaitasunen bat dutenen beharrei eta eskaerei erantzuteko jakintza eta teknologiak sortzearren”.
María Luz Sanz Escudero CERMINeko lehendakaria (ezkerrean) eta Begoña Pérez Eransus, hitzarmena sinatzen.
Beste ekintza batzuk ere antolatuko dituzte bi entitateek: unibertsitateko prestakuntza desgaitasunen bat duten taldeen eta pertsonen zirkunstantzia eta premia berezietara egokitzea; boluntariotzako jarduerak antolatzeko lankidetza bultzatzea; aukera berdintasunaren aldeko sentsibilizazio ekintzak sustatzea eta egitea; desgaitasunen bat dutenen parte-hartzea eta erabateko inklusioa sustatzea; eta jardunaldi zientifikoak, ikastaro espezifikoak, mahai-inguruak, tailerrak eta bestelako prestakuntza-ekitaldiak antolatzea.
Hitzarmena sinatzeko ekitaldian, irakasle, ikertzaile eta zerbitzuetako langile zenbaitek hartu zuten parte, eta horien helburu nagusia da oraindik lortzeke daude erronkak identifikatzea eta haiek lortzeko bidean aurrera egiten jarraitzea. Adibidez, irakaskuntza-gidetan erabateko inklusioaren ikuspegia txertatzea, Gradu Amaierako Lanen eskaintza arlo horretako lanen eskaintzarekin lerrokatzea eta egindako ekintzei oihartzun handiagoa ematea.
CERMINen bilduak daude desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialen bat duten pertsonen Nafarroako hamalau elkarte, eta 2001az geroztik lan baliotsua egiten du desgaitasunen bat dutenek eremu politikoan, instituzionalean eta sozialean dituzten eskubideen defentsan.
Desgaitasunen bat duten ikasleak NUPen
2021-2022 ikasturtean, 58 lagunek eskatu dute NUPeko matrikula tasak ordaintzetik salbuets ditzaten % 33ko desgaitasuna edo handiagoa izateagatik. Haien premiei erantzuteko, Unibertsitateko Gizarte Ekintzako Unitateak Desgaitasunen bat duten Ikasleei Arreta emateko Programa bat du. Programa horren bidez, halako ikasleei arreta emateko plan pertsonalizatuak antolatzen ditu, eta honako alderdi hauek zaintzen ditu: harrera, informazioa eta aholkularitza, ikasleen egoeraren azterketa eta beharren balorazioa, nolako egokitzapenak egin behar diren erabakitzea, laguntza teknikoak ematea, irakasleei informazioa eta orientabidea ematea ikasleek behar dituzten egokitzapen pedagogikoei buruz, eta unibertsitateko bizitzan zein akademikoan normaltasunez aritzeko beste laguntza batzuk.