Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) 14 ikaslek osatutako taldeak urrian Parisen eginen den Biologia Sintetikoko iGEM nazioarteko lehiaketaren finalean hartuko du parte (International Genetically Engineered Machine), osasun mentala eta ekonomia zirkularra uztartzen dituen proiektu batekin. Lehiaketak biologia sintetikoa gizartearengana hurbiltzea eta teknologia berri horrek eskaintzen duen ahalmen guztia erakustea du helburu. Hortaz, ez du gai jakin bat planteatzen, baizik eta ikasleek irtenbide berritzaileak bilatu behar dituzte kezka iturri dituzten gaur egungo arazoetarako.
Kasu honetan, NUPeko ikasleek beren proiektuan elikagaien industriako azpiproduktuak erabili nahi dituzte genetikoki aldatutako bakterioen bidez serotonina lortzeko. “Serotonina gure gorputzak berak sortzen duen neurotransmisore bat da, eta haren falta gaixotasun psikologiko askorekin dago loturik, hala nola antsietatearekin edo depresioarekin. Laborategian egindako lanaz gain, gure proiektuak biologia sintetikoak gizartean duen zeregina dibulgatzeko eta osasun mentalaren garrantzia ikusarazteko balio izatea nahi dugu; izan ere, oso kaltetua izan da osasun mentala pandemiaren ondorioz”, adierazi dute ikasleek.
MITek (Massachusetts Institute of Technology) bultzatutako lehiaketa horretan parte hartzeko, ikasleek Biologia Sintetikoaren katedra dute babesle. Katedra hori NUPek sortu zuen, Elikagaien Segurtasuneko eta Teknologiako Zentro Nazionalarekin (CNTA) sinatutako hitzarmen baten bidez. Taldeak, gainera, unibertsitateko irakasleak eta 2019ko lehiaketan parte hartu zuten ikasleak ditu gainbegirale eta laguntzaile.
NUPeko taldeko kideak
Honako hauek osatzen dute iGEM UPNAvarra 2022 taldea: Irene Gil, Raquel Iriarte, Sergio Maraña, Adriana Martínez, María Roldán, Aroa Roncal, Susana San Ildefonso, Mario Santafé eta Javier Zabalegui (Bioteknologiako ikasleak); Unai Gurbindo, Mikel García eta Marta López (Datuen Zientzia); eta Aitor Ayape eta Juliana Cuervo (Zientziak). Haiekin batera, honako hauek hartu dute parte: Alex Pascual, Laura Giménez eta Pablo Allo (UPNAvarra 2019ko ikasleak); María Ancín (UPNAvarra 2019ko ikertzaile nagusia); Ainhoa Zulet (Biologia Sintetikoaren Katedrako teknikaria), Idoia Ariz eta Estibaliz Larrainzar (UPNAvarra 2022 taldeko ikertzaile nagusiak).
Honako hauek dabiltza aholkulari: Juanjo Rubio, Nafarroako Gobernuak bultzatutako Berrikuntza Sozialaren Unitateko zuzendaria; Esther González, Rosa Murillo eta Carlos López-Molina, NUPeko Biologia Sintetikoaren Katedraren ardura duten irakasleak; eta, CNTAtik, Inés Echevarría ikerketako zuzendaria eta María José Sanz aplikazio analitiko berrien arduraduna.
iGEM lehiaketa
iGEM lehiaketak MITeko ikastaro batean du sorburua, 2003an. Ikasleek gailu biologikoak garatu behar izan zituzten ikastaro horretan. 2004ko udan estreinatu zen lehiaketa, eta, ordutik hona, mundu osoko taldeak bildu ditu, hiru kategoriatan: bigarren hezkuntzako ikasleena, unibertsitateko ikasleena eta graduondoko ikasleena.
Ekimena 40 herrialdetara baino gehiagotara zabaldu da, eta, horregatik, mundu mailan biologia sintetikoko lehiaketarik handiena dela esaten da. Komunitate ireki eta kooperatibo baten garapena sustatzen du, parte hartzen duten taldeen arteko lankidetzaren eta lagunarteko lehiaren bidez.