Ariketa fisikoa egiteko eta familiako bizimodua hobetzeko programa batek 4 eta 5 urte bitarteko ehun adingabe baino gehiagorengan nolako ondorioak dituen ikertuko dute proiektu batean. Oinarrizko Osasun Laguntza eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) eta Navarrabiomeden Ariketa Fisikoko, Osasuneko eta Bizi Kalitateko E-Fit taldea dira ikerketa-proiektuaren gidariak. Martxan da dagoeneko ikerketa, eta 2023aren amaieran bukatuko da. Nafarroako Gobernuak eta Europar Batasuneko FEDER funtsek finantzatzen dute.
Proiektuko ikertzaileak. Ezkerretik eskuinera, Begoña González Itarte, Blanca Erice Echegaray, Alicia Alonso Martínez, Gaizka Legarra Gorgoñón eta Yesenia García Alonso.
Zehazki, ariketa fisikoa egiteko eta familiako bizimodua hobetzeko programa gainbegiratu bat eginen dute parte-hartzaile adingabeek beren familietan 12 astez (adibidez, gaueko atseden-denbora neurtuko dute azelerometroekin); izan ere, programak adingabeengan duen eraginkortasuna diseinatu eta ebaluatu nahi dute proiektuaren bidez. Programa diseinatu baino lehen, parte-hartzaile bakoitza aztertuko dute, eta programa bukatu ondoren familia bakoitzaren ebaluazioa eginen dute. Ariketak errazak eta neurrizkoak izanen dira, eta etxean edo kanpoan egiteko modukoak. Web plataforma baten bidez erakutsiko dizkiete familietako kideei, eta online gainbegiratuko dute nola egiten dituzten. Ikertzaileek esan dutenez, programak eragin ona izatea espero dute, transmititzen ez diren gaixotasun batzuen prebentzioari dagokionez (adipositatea murriztea, adibidez), eta garapen motorrarekin, kognitiboarekin, psikosozialarekin eta emozioen autoerregulazioarekin lotutako beste ondorio on batzuk.
Proiektuaren ikertzaile nagusia Blanca Erice Echegaray da, Iturramako Oinarrizko Osasun Laguntzako Zentroko pediatra, eta harekin batera Alicia Alonso Martínez ari da proiektuan, NUPeko irakasle eta Eskolako Umeen Jarduera Fisikoaren Behatokiko arduraduna. Ikerketan laguntzen ari dira, halaber, NUPen eta Navarrabiomeden aldetik, Yesenia García Alonso eta Gaizka Legarra Gorgoñón ikertzaileak, Iturramako Osasun Zentroko Paula Moreno González, María Cires de Orbe, Begoña González Itarte, Teresa Elcarte López eta Estela Vilela Martínez, eta Alde Zaharreko Osasun Zentroko Saioa Elcarte Ruiz.
Adingabeek ariketa fisikoa egin behar dute
Ikertzaileek diotenez, adingabeek ariketa fisikorik egiten ez badute, pisua eta obesitatea handitzen dira, eta hilkortasun arriskuaren laugarren faktore garrantzitsuena da hori mundu osoan. Kalkuluen arabera, munduko nerabeen % 80k ez ditu betetzen Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) beren adinerako ezarritako jarduera fisikorako gomendioak. Zehazki, gomendioa da 3 eta 4 urteko haurrek egunean 180 minutuz ariketa fisikoa egitea, eta denbora horretatik 60 minutu, gutxienez, intentsitate ertaineko edo handiko jarduerak egiten pasatzea.
Izan ere, OMEk kalitate oneko ikerketa gehiago behar ditu osasuneko eta garapen motor, kognitibo eta psikosozialeko adierazleen multzo handi bat aztertzeko eta esku-hartze goiztiarrek epe luzera nolako ondorioak dituzten jakiteko, eta behar horri erantzuteko jarri dute martxan proiektua Oinarrizko Osasun Laguntzak eta NUPek. Ariketa fisikoa egitea bultzatu nahi dute prozedura estandarizatuen bidez, hartara ikerketa guztiak konparatu ahal izateko.
Ariketa fisikoaren programa diseinatu aurretik, adingabeen datu antropometriko batzuk bildu eta aztertuko dituzte, hala nola pisua, garaiera, gorputz masaren indizea, gerriaren perimetroa eta giharren kalitatea, baita egoera fisikoari buruzko beste datu batzuk ere: indarra, abiadura eta erresistentzia. Horretaz gainera, galdetegi bat eginen diete jokabide arazoak detektatzeko.