Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) omenaldia egin berri die 2021-2022 ikasturtean 70 ikasleren mentore senior izan direnei. Lehenago, zenbait lan mahai egin ziren mentoretza-programako jardunbide onen inguruko gogoeta egiteko, eta haietan elkartu ziren zenbait mentore, ikasle, eskola eta fakultateetako ordezkari eta NUP Fundazioko ordezkari.
Ekitaldi instituzionalaren buru aritu zen Ramón Gonzalo errektorea, eta han izan ziren baita ere Iosune Pascual Azcárate NUP Fundazioko zuzendari gerentea, Javier Fernández Montalvo Osasun Zientzien Fakultateko dekanoa eta Yolanda Plaza Herreros YPH Consultingeko CEOa. Ikasleen izenean Eduard Vlad Ilie mintzatu zen, Informatika Ingeniaritzako Unibertsitate Masterreko eta Zeharkako Gaitasun Profesionaletako Espezializazio Diploma izeneko titulu berekiko ikaslea.
Grupo de asistentes a las mesas de trabajo y al reconocimiento institucional de mentores y mentoras.
NUPeko Mentoretza Seniorraren Plana
NUPeko Mentore Seniorren Planean, mentore bakoitzak hiru ikasleri laguntzen dio gehienez, eta gutxienez bi aldiz elkartzen da haiekin martxotik maiatzera bitartean. Mentoreek lan orientabidea ematen diete, ikasleen aukera profesionalak hobetzeko, beren gaitasunak indartzeko eta erraztasunak emateko “networking” delakoa egin dezaten, hau da, enpresekin harremanetan jarri, kontaktuak egin eta sarean lan egin dezaten. NUP Fundazioak egindako inkesta baten arabera, mentoreen % 98 kontent dago programan parte hartzeagatik eta prest legoke beste behin ere mentore izateko.
Ikasleek, bestalde, konpromisoa hartzen dute Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako 10 orduko trebakuntza presentzial batera joateko. Doakoa da ikastaroa, eta coaching-ean, lan orientazioan eta adimen emozionalean esperientzia eta prestakuntza egiaztatua duten profesionalek ematen dute. Ikasleek konpromisoa hartzen dute, halaber, esleitutako mentorearekin bi bilera egiteko, haren laguntzaz lana aktiboki bilatzeko eta mentoreak eskainitako zerbitzuak baliatzeko. 2018-2019 ikasturtean plana martxan jarri zenetik, 508 ikaslek hartu dute parte programan eta 275 profesional izan dira mentore.