Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) goraipatu egin du ikasleak praktiketan hartzeko hitzarmena sinatua duten 750 entitateren lana. Ekitaldi instituzionalean, Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak esan zuen akordio horiei esker 3.500 praktikaldi inguru tramitatu direla ikasturte honetan. Bestalde, mentore seniorren eginkizuna ere aitortu zuen, hau da, NUPeko ikasleei etorkizun profesionalari aurre egiteko orientabidea ematen dieten profesionalena.
Entitateei eskerrak emateko ekitaldiko parte-hartzaileak eta lehendakaritza-mahaiko kideak, NUPeko Sario eraikinean.
Ekitaldiko lehendakaritza-mahaitik mintzatu ziren, halaber, Iosune Pascual Azcárate NUP Fundazioko zuzendari gerentea, Javier Fernández Montalvo Osasun Zientzien Fakultateko dekanoa, Yolanda Plaza Herreros YPH Consultingeko CEOa eta Sara Bailón Coloma Florette Ibéricako antolaketa eta talentu managerra. Ikasleen aldetik, berriz, Eduard Vlad Iliek hitz egin zuen, Informatika Ingeniaritzako Unibertsitate Masterreko eta Zeharkako Gaitasun Profesionaletako Espezializazio Diploma izeneko titulu berekiko ikasleak.
Praktikak eta lana lortzeko aukera handitzeko beste jarduera batzuk
Unibertsitateko ikasleen prestakuntzako jardueretako bat da praktikaldia, eta titulazioaren ikasketa-planean integratuak egoten ahal dira (curriculumeko praktikak) edo ez (curriculumetik kanpoko praktikak). Aipatzekoa da lau ikasletik hiruk curriculumeko praktikaldi bat egina izaten duela gradua bukatutakoan.
Mahaiburuak errekonozimendu-ekitaldian. Ezkerretik eskuinera, Eduard Vlad ikaslea, Yolanda Plaza YPH Consultingeko CEOa; Ramón Gonzalo NUPeko errektorea; Sara Bailón Florette Ibéricako antolaketa eta talentu managerra; Javier Fernández Osasun Zientzien Fakultateko dekanoa; eta Iosune Pascual NUP Fundazioko zuzendari gerentea.
Praktiken helburua ikasleek prestakuntza akademikoan lortutako ezagutzak aplikatzea eta osatzea da. Hala, gaitasunak eskuratzen dituzte lanbidean hasten direnerako, eta areagotu egiten dituzte lana lortzeko aukerak eta ekintzaile izateko trebetasuna. Horri dagokionez, adierazi behar da NUPek, gainera, Ikasleen Laneratzea Hobetzeko eta Ekintzailetza Sustatzeko Plan bat duela, eta zeharkako gaitasunei buruzko prestakuntza (garapen pertsonalekoa, digitalekoa eta garapen jasangarrikoa) eta lan-orientazio pertsonalizatua eta tailerren bidezkoa ematen direla horren bidez. Unibertsitateak hizkuntzetako prestakuntzaren aldeko apustua ere egina du, eta graduari lotutako titulu berekiak eskaintzen ditu. Horrek guztiak ikasleen enplegu aukerak hobetzen ditu.
Azkenik, aipatu beharra dago, Unibertsitateen Ministerioak 2022ko maiatzean argitaratu duen Unibertsitateko Egresatuen Laneratzeari buruzko Azterlanaren arabera, Espainiako unibertsitate publikoetako lehena dela NUP bere gradudunen laneratze-tasari dagokionez, zeina % 86,1 baita (titulua lortu eta lau urtera Gizarte Segurantzan afiliatutakoen tasa). Masterdunen kasuan, % 84,8koa da ehunekoa.