Joan eduki nagusira

Miguel Fernández Cárcar Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasle elkartu eta doktoregaiak accesit bat lortu du irakaskuntzan IKTak erabiltzeari buruzko doktoretza-tesien proiektuei emandako Santander Sarien laugarren edizioan. Zaragozako Unibertsitateko Banco Santander Katedrak ematen ditu sari horiek. Bere tesian, aztertzen ari da nola erabiltzen ahal diren bideojokoak didaktikoki Bigarren Hezkuntzako ikasgeletan Historia irakasteko, eta, zehazki, nola laguntzen ahal duten tresna horiek ikasleengan “pentsamendu historikoa” deitzen den hori eraikitzen.

zoom Miguel Fernández Cárcar NUPen.

Miguel Fernández Cárcar NUPen.

Proiektu irabazlea Ana Belén Cebollero Salinas Zaragozako Unibertsitateko doktoregaiarena izan da, ziberespazioan girotutako eskola-bizikidetzari buruzko lan batengatik, eta accesitetako beste bat Lleidako Unibertsitateko María Carme Peguera Carrék irabazi du, zeinak Lehen Hezkuntza Dualeko ikasleen garapen profesionala nola hobetu aztertu baitu bere tesian. Sarietan Campus Iberuseko unibertsitateetako doktoregaiek hartzen ahal dute parte (Zaragozako Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Errioxako Unibertsitatea eta Lleidako Unibertsitatea). Katedrak irailean banatuko ditu sariak.

Bigarren Hezkuntzako ikasleengan pentsamendu historikoa eraikitzea

Miguel Fernández Cárcarren tesiak Iñigo Mugueta Moreno NUPeko irakasle eta I-COMMUNITAS institutuko kidea eta Francisco Ignacio Revuelta Domínguez Extremadurako Unibertsitateko irakaslea ditu zuzendari, eta, egiaztatu nahi du bideojoko historiko eta komertzialak zenbateraino diren didaktikoki eraginkorrak ikasleengan “pentsamendu historikoa” deitzen den hori garatzeko. Halaber, metodo edo tresna bat aurkitu nahi du eraginkortasun hori ebaluatzeko. Horretarako, egileak landa-ikerketa bat eginen du Santa María La Real ikastetxeko ikasgeletan (Maristak), bertako irakaslea baita. Doktoregaiaren esanetan, bideojokoek irakaskuntzan duten eraginkortasunari buruz ikerketa enpirikorik ez dagoelako eginen du tesia.

Miguel Fernándezek, bere tesian, planteatzen du “Historia irakastea” eta “pentsamendu historikoa” eraikitzea —zenbait idazle anglosaxoik sortutako kontzeptua— ez direla gauza bera. Esan duenez, “pentsamendu historikoa” kontzeptua definitzen zaila den arren, zenbait gaitasun hartzen ditu barne, hala nola egitateen eta prozesuen garrantzi historikoa ebaluatzeko ahalmena, lehen mailako iturriak erabiltzekoa, jarraitutasuna eta aldaketa definitzekoa, kausalitatea ulertzekoa, gauzei perspektiba historiko batetik begiratzekoa eta interpretazio historikoen dimentsio etikoa ulertzekoa. Hortik abiatuta, Miguel Fernándezek bere lanean jaso duenez, zenbait autorek proposatu dute pentsamendu historikoaren kontzeptua lau gaitasunen inguruan definitzea: historiaren eta denboraren kontzientzia, irudimen historikoa, Historiaren irudikapena eta interpretazio historikoa.

Planteamendu horrekin, “Historia irakasteko nahiz ikasteko modu berri bat proposatzen da”, ziurtatu du. “Proiektuak proposamen bat du ardatz: pentsamendu historikoa funtsezkoa dela Historia irakasteko, pentsamendu matematikoa Matematika irakasteko funtsezkoa den bezala, eta ikasleek beren hezkuntzan aurrera egin ahala gero eta trebeagoak izan beharko luketela pentsalari historiko moduan”, amaitu du Miguel Fernándezek.