Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko zenbait irakasle aholkulari eta gainbegirale lanetan aritu dira Batxilergoko 9 ikerketa-proiektutan 2021-2022 ikasturtean. Nafarroako Bigarren Hezkuntzako hiru institututako ikasle batzuek egin dituzte proiektuak, eta berriki beren proiektuen lehenbiziko faseko ahozko defentsak egin dituzte, nork bere ikastetxean.

Zehazki, ikasturte honetan NUPeko zenbait ikertzaile kanpoko aholkulari gisa aritu dira Barañain BHI (2 proiektu), Plaza de la Cruz BHI (4 proiektu) eta Valle del Ebro BHI (3 proiektu) ikastetxeetako Ikerketako Batxilergoan.

Ikerketako Batxilergoetan (Bi+), Batxilergoak irauten duen bi ikasturteetan, ikasleek ikerketa akademiko formal bat egiten dute —idatziz entregatu eta ahoz azaltzen dute tarteko fasean eta azken fasean—, prestakuntza espezifikoa jasotzen dute Ikerketaren Hastapenak irakasgaian, eta ikastetxeko irakasle bat izaten dute tutore.

zoom ProyectosBachillerato

Ezkerrean, María Napal NUPeko irakasle aholkularia, Eva López Azanza Barañaingo BHIko Batxilergoko ikaslearekin eta haren irakasleekin, lana aurkezteko jardunaldian.

2021-2022 ikasturtean 9 proiektu jarri dira abian NUPeko zenbait ikertzailerekin lankidetzan. NUPeko ikertzaileek proiektuak proposatu dituzte eta aholkularitza eman dute haiek abian jartzeko. Barañain BHIn bi proiektu abiatu dituzte: batetik, “Genero ikuspegiaren azterketa Batxilergoko ikasketen modalitate zientifiko-teknologikoak aukeratzeko orduan”, Barañaingo BHIren, Plaza de la Cruz BHIren eta Valle del Ebro BHIren artean partekatutako proiektua eta María Napal, María Isabel Zudaire eta Irantzu Uriz KIMUA ikerketa-taldeko irakasleak eta NUPeko Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrako zenbait irakasle izan dituena aholkulari; eta, bestetik, “Emakume kirolari aitzindariak Nafarroan”, Gemma Pierola Unibertsitateko irakaslea izan duena aholkulari eta Barañaingo BHIn egin dena.

Valle del Ebro BHIn NUP parte-hartzaile izan duten bi proiektu egin dituzte: “Nafarroako herrietako dorre erlojuen errolda eta azterketa”, Nafarroako Gobernuaren Ondare Atala eta Adrián Claver NUPeko ikertzailea tutore izan dituena; eta “Ikasgelako altzariak ikasleentzat egokiak diren aztertzea, eta birdiseinatzeko proposamena egitea” Juan Ignacio Latorre eta Ana Beatriz Bays irakasleen aholkularitzapean.

Azkenik, Plaza de la Cruz BHIn, hiru ikastetxeek partekatutako proiektuaz gain, beste hiru proiektu egin dituzte: “Xerogel hibridoak. Sintesia eta karakterizazioa” (NUPeko Maite Espinal Vigurik gidatu du), “Movalsys enpresaren azterketa” (Nora Millor) eta “Tenperaturaren eta mozteko moduaren eragina ananaren arnasketa-tasan” (Carmen Barba).

zoom ProyectosBachillerato2

Ezkerretik eskuinera: Guillermo Zufiarte Mendoza Plaza de la Cruz BHIko irakaslea, Joana Villadangos eta Juan Garmendia Batxilergoko 1. ikasmailako ikasleak, eta Nora Millor NUPeko ikertzailea.

Institutuekiko lankidetza

Gogoratu beharra dago 2021eko apirilean Unibertsitateak hitzarmen bat sinatu zuela Bigarren Hezkuntzako lau instituturekin Ikerketako Batxilergoa bultzatzeko. Ikerketako Batxilergoa “Batxilergoko ohiko ibilbideen bide osagarri bat da, oso aproposa ikerketa-jardueraren ezagutzan eta garapenean sakontzeko”.

Akordio horretan, NUPek konpromisoa hartu zuen ikergaiak ezartzeko, ikerketetan aholkulari aritzeko eta ikasleei erraztasunak emateko Iruñeko eta Tuterako campusetan ikerketa-lanak egin zitzaten, batez ere laborategietan, ikasgela tematikoetan eta arlo horrekin lotutako instalazioetan. Era berean, ezarri zuten Unibertsitateko irakasleek kanpoko ebaluatzaile profesional gisa hartuko zutela parte ikasleek egindako ikerketa-proiektuetan, dela zuzenean (epaimahaietan parte hartu, ebaluazioa egin, etab.), dela zeharka (aholkularitza, zalantzak argitu, etab.).